Gurutz Aginagalde: "Jendea animatu nahi dugu kirolaz eta euskaraz gozatzera"

Aritz Mutiozabal 2019ko abu. 28a, 11:00

Gurutz Aginagalde Bidasoako presidentea (Aritz Mutiozabal).

Bidasoa taldeak parte hartuko du Zarauzko Ikastolak Kilometroak girotzeko antolatutako Euskal Herriko Eskubaloi Topaketan; Anaitasunaren aurka neurtuko ditu indarrak. Bidasoako presidente Gurutz Aginagaldek (Irun, 1977) azaldu du ilusioz hartuko dutela parte egitasmoan.

Nola jaso duzue eskubaloi topaketa honetan parte hartzeko gonbidapena?
Gure helburuetako bat denboraldiaurre osoa Gipuzkoan eta inguruetan egitea zen. Gure beharretako bat da eskualdera zabaltzea talde erreferente eta goi-mailako bezala, eta argi geneukan prestaketa bertan egin nahi genuela. Duela hilabete dezente Zarauzko aukera hau sortu zitzaigun, etxean jokatzea, hemen Zarautzen eta inguruan eskubaloiak daukan garrantziarekin, eta, zentzu horretan, ez genuen zalantzarik eduki. Hasiera-hasieratik hartu genuen konpromisoa, eta bertan izango gara.

Auzkezpen ekitaldian adierazitakoaren arabera, topaketarekin bi xede nabarmendu dituzu: alde batetik, kirol harrobiaren lana, eta bestetik, euskara bera.
Bai, zalantzarik gabe. Gu erreferenteak gara goi-mailako taldea dugulako, baina harrobiarekin lanean Zarautz erreferentea da Gipuzkoan eta Euskal Herrian, eta segur aski Espainia mailan: talde asko ditu, oso ongi landutakoak eta parekotasun handiarekin; emakumezkoen talde gehiago dituzte. Zentzu horretan, beraiekin elkartu, topatu eta eskutik joatea garrantzitsua da. Jakin bagenekien Zarautzera etorri nahi genuela, eta horri lotuta, euskararen aldeko jai honi buruz eta oro har euskararen alde egin dezakegun guztia egin ahal izateko aukera bikaina dela iruditzen zaigu. Egun polita izango dela uste dugu, eta jendea animatu nahi dugu gozatzera, bai kirolaz bai euskaraz.

Anaitasunaren aurkako partida. Asobal mailako norgehiagoka, zuen denboraldi-aurreko azken saioan. Lehia serioa aurreikus daiteke, ezta?
Ez da nolanahikoa izango, ez, guretzako denboraldi-aurreko azken partida izango baita. Sasoi gogorra izango dugu aurten. Erronka latza izango da Asobal liga eta Txapeldunen Liga, biak, jokatzea, eta erronka horren aurretik Anaitasuna bezalako goi-mailako talde baten aurka indarrak neurtzea ongi datorkigu. Aurten oso fitxaketa onak egin dituzte, talde polita osatuz, eta emaitza onak lortzen ari dira. Uste dut partida polita eta gogorra ikusteko aukera izango dela, eta zaletuek asko gozatuko dutela.

Bidasoan eskualdeko bi jokalari dabiltza egun: Kauldi Odriozola zumaiarra eta Jon Azkue oriotarra. Nola ikusten dituzue bi jokalari hauek klubetik?
Guretzat erreferenteak dira taldean. Gure etorkizuneko proiektuan garrantzitsuak dira erabat, behar-beharrezkoak. Argi daukagu inguruko jokalarien inguruan egin nahi dugula taldea. Erreferenteak dira, ez bakarrik Irunen eta Bidasoan, baizik eta Gipuzkoako talde guztietan. Beraiek dira nolabait ere eredu nola  Gipuzkoako edozein jokalari Bidasoara eta goi-mailara iritsi daitekeen. Beraz, oso pozik gaude haiek gurekin daudelako. Orain bi direnak, ea etorkizun batean gehiago diren. Albiste oso ona izango litzateke Bidasoarentzat eta inguru honetako eskubaloi taldeentzat.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide