Euskal kultura lehen lerrora ekartzeko astea izan ohi da iraileko lehenengoa, Zarautzen. Dantza eta musikaren artean badu bere lekua bertsolaritzak; hain zuzen, Lizardi zenaren omenez sortutako bertsolari gazteen sariketa jokatzen dute egunotan, aurtengoan, 43. aldiz. 18 eta 26 urte arteko bertsolariak aritzen dira kantuan bertan, izan ere, mota honetako sariketen helburuetako bat da bertsolari gazteei plazak izateko aukera ematea behin eskolarteko mailatik igarotakoan. Udalaren laguntzarekin, Motxian bertso eskolako kideak arduratzen dira sariketa antolatzeaz.
Finala Euskal Astearen barruan, ostiralean, izango bada ere, bihar jokatuko dute lehen kanporaketa, Imanol Urbieta Udal Musika Eskolako aretoan, 22:00etatik aurrera. Hamasei bertsolarik parte hartuko dute guztira txapelketan: zortzik bihar, eta gainontzeko zortziek ostiraleko kanporaketan. Finalera sailkatzea horietako seik lortuko dute: saio bakoitzeko bi irabazleak zuzenean sailkatuko dira, eta gainontzeko laurak puntuazioaren arabera.
Ondokoak dira biharko kanporaketan ariko diren bertsolariak: Aitor Bizkarra, Sarai Robles, Jokin Bergara, Mikel Tapia, Gorka Pagonabarra, Jon Gurrutxaga, Joritz Bastarrika eta Uxue Alkorta. Ostiraleko kanporaketan, berriz, ondorengoak: Joanes Illarregi, Maddi Sarasua, Maddiane Txoperena, Unai Izagirre, Maider Arregi, Eñaut Martikorena, Aimar Sorazu eta Libe Goenaga. Bigarren kanporaketa ere Imanol Urbieta Udal Musika Eskolan izango da, biharkoaren ordu berean.
Bertsolariek kanporaketetan egin beharreko ariketak izango dira zortziko txikiko ofizioa, zortziko handiko ofizioa, puntu erantzunak eta zortziko handiko ofizioa. Finalerako sailkatzen direnek, berriz, ariketa konplikatuagoak izango dituzte. Hamarreko txikiaren ordez seiko motzeko ariketa izango dute, eta horren aurretik hitz bati bertso bana kantatu beharko diote. Horrez gain, kartzelako ariketaren barruan izango dituzte puntu erantzunak eta bakarka gai bati hiru bertso abestea.
Eskualdeko sei bertsolari
Hamaseiko zerrenda horretatik sei bertsolari dira Urola Kostakoak. Lau Zarauzko Motxian bertso eskolan aritzen dira: Joritz Bastarrika, Aimar Sorazu eta Uxue Alkorta zarauztarrak, eta Libe Goenaga getariarra.
Ohikoa da Lizardi sariketan herriko pare bat bertsolarik parte hartzea, baina aurtengoan, markak gainditu eta lau izango dira etxekoak. Sorazu eta Alkorta izango dira etxekoen artean gazteenak. Azkoitikoa da Unai Izagirre eta Jon Gurrutxaga, berriz, azpeitiarra. Eskualdeko bertsolarien artean, azpimarragarria da aurtengoan Unai Izagirre ematen ari den maila ona. Bertsotan duela gutxi hasi bazen ere, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketara sailkatzea lortu zuen udaberriko sailkapen fasean. Izagirrerentzat, aurtengoa izan da lehen aldia txapelketan.
Plaza ederra da bertsolari gazteentzat Lizardi sariketako finala. Eskualdetik kantuan ariko direnen artean, ordea, Gurrutxagak soilik izan du bertan kantatzeko aukera, gaur arte. Duela bost urteko sariketan, 18 urte zituela sailkatu zen azpeitiarra finalerako. Aurten irailaren 6an, ostiralean, izango da finala Modelo aretoan, 22:00etatik aurrera. Sarrerak Turismo Bulegoan egongo dira salgai 3 euroan, eta egunean bertan ere izango da.