"Zikloen menpe dago traineruen etorkizuna, eta penagarria da"

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2019ko abu. 1a, 11:00

(Gorka Peñagarikano Goikoetxea)

Arraunaz baino, emakumeen arraunaz mintzatu dira Zumaiako eta Orioko bi arraunlariak. Hamarkada bat betetzen da ofizialki lehiatzen hasi zirela, eta zortzi liga sortu zela. Urbieta hasierako urte haietan aritu zen arraunean, eta Azkonobieta, berriz, urte bertsuan hasi zen Orioko harrobian.

Fin eta sendo dabiltza, momentuz behintzat, eskualdeko emakumezkoen bi traineruak: Oriok Euskotren ligan lehiatzen du eta Zumaiak, maila bat beherago, ETE ligan. Bi ligetako sailkapenetako lehen postuetan daude bi ontziak arraunlariak elkarrizketatu direnean. Orioko Itxaso Azkonobieta (Orio, 1997) eta Zumaiako Aintzane Urbieta (Zumaia, 1991) arraunlariekin hitz egin du Hitzak. Aurtengo denboraldiaren balorazioa egiteaz gain, emakumeen arraun munduaz hitz egin dute.

Gaur egun, Zarautzek ez du trainerurik emakumezkoen ligetan. Urte luzetan Getaria-Zarautz ontzia atera arren, jende eta jarraikortasun faltarengatik taldea osatzeari utzi zitzaion. Dena den, han non badira zarauztarrak arraunean: Eusko Label ligan Tayde Gomez de Segura Donostiarra elkartean, eta Diana Stoian Zumaian, ETE ligan.

Zorionak bioi, lehenik eta behin. Oriok lider sendoa dirudi Euskotren ligan, zer moduz doa denboraldia?
ITXASO AZKONOBIETA: Oso lan polita ari gara egiten. Neguan landutako detaile txiki horiek estropadetan leundu nahian gabiltza. Egin beharreko lana eginda dago, orain gauzatzen jarraitu behar da. Oso gustura gaude orain arte egindakoarekin, puntu asko ari garelako biltzen.

Espero zenuten negua nola joan den ikusita? 
I.A.: Neguan oso ondo aritu ginen, baina beste taldeak lehian ikusi arte ez da inoiz jakiten. Arraun Lagunak fin aritu zen, eta bazirudien beste traineruak ere nahiko sendo zebiltzala. Guk bagenekien ondo arituko ginela, edo aukerak bagenituela, baina udan ikusten da dena. Ez da jakiten entrenatzaile bakoitzak nola jokatuko dituen bere kartak. Beraz, deskonfiantza horrekin heldu gara udarara, baina gure buruan konfiantza izanda.


Zumaia, bestalde, ETE ligako ezusteetako bat da.
AINTZANE URBIETA: Ez genuen inolaz ere espero hain ondo ibiltzea. Bagenekien denboraldia ondo joan zitekeela, baina guretzat sorpresa bat izan da hain goian ibiltzea. Maila handia eta parekatsua dago ontzi batzuen artean, eta horren erakusle da ia asteburuero traineru asko segundo gutxiren buruan sartzea. Beraz, gure helburua da estropadaz estropada joatea eta disfrutatzea. Hiru urte egon gara trainerurik atera gabe, talde berria gara, eta oso pozik gaude lidertzarako lehian aritzearekin. Sari bat da guretzat.


Hamar urte pasatu dira ofizialki emakumeak klubetan lehiatzen hasi zirela, eta zortzi urte dira liga sortu zela. Zertan aldatu dela ikusten duzue? 
A.U.: Lehenengo urtean, nire kasuan, Getaria-Zumaia taldea atera genuen, eta ondoren Zumaiaren izenean urte dezentez aritu naiz. Hasierako urteetan klubak eta herriak elkarren artean gehiago elkartzen zirela esango nuke, arraunlari gutxi egoteak eraginda. Ondoren hasi dira belaunaldi berriak arraunera hurbiltzen, eta lau edo bost talde izatetik, Euskotrenen lau eta ETEn 11 traineru izatera pasatu gara. Ni, tartean, arrauna utzita egon naiz, eta gustura ikusi dut bai barrutik eta bai kanpotik eboluzio hau.
I.A.: Liga sortu zen urte horietan hasi nintzen ni arraunean, infantila nintzela. Hala edo nola eta kosta ala kosta, ikusten nuen nola emakume zaharragoek ateratzen zuten trainerua. Eta hastapen horietan egon direnei esker dago gaur egun dagoen kalitatea eta maila.


Nola ikusten duzue emakumezkoen arrauna profesionalizatzea? 
I.A.: Emakumeon traineru kopurua, adibidez, ezin da mutilenekin alderatu, azken finean haiek hiru liga osatu dituztelako, eta bakoitza hamabi trainerurekin. Dena den, telebistan agertu ez arren, ETE ligan jokatzen dutenak ere oso profesionalak direla esango nuke, baina hor ez dago interes mediatikorik, eta ez dira telebistan sekula agertzen.
A.U.: Ezin da zalantzan jarri eboluzio bat eman dela azken hamar urteotan. Hasierako urteetan, adibidez, gure Kontxako estropada egun bakar batean jokatzen zen. Ondoren, bi egunetara pasatu zen, eta sailkatze probarekin, gizonezkoena bezala.
Dena den, zalantza interesgarri batzuk sortzen dira: adibidez, zergatik ateratzen gara emakumeok lehenengo eta gizonak ondoren? Askotan esan izan da froga moduan ateratzen gaituztela, estropada eremua nola dagoen ikusteko eta zein kale den hobea eta zein okerragoa jakiteko.

Soldata eta diru-sarrera aldetik begiratuta, alde nabarmenak daude gizon eta emakumeen artean. Nola bizi duzue hori?
I.A.: Orioko emakumeon kasuan, eta nik uste emakume gehienen kasuan, ez dugu soldatarik. Irabazten dugun dirua sarietan lortutakoa da, edota ligako postuarengatik denboraldi amaieran jasotakoa. Hala ere, eskatzen diguten konpromisoa gizonen berdin-berdina da: gizonek bezainbeste entrenatzen dugu, elikadura eurek bezala zaintzen dugu, eta abar. Gizonek bezala, guk ere, ordu asko pasatzen ditugu klubean, baina soldata ez edukitzean dago aldea.
A.U.: Askotan esaten da gizonek lau luze egiten dituztela eta guk bi; alegia, guk lan erdia egiten dugula. Dena den, Itxasok esan bezala, eskatzen zaigun konpromisoa gizonen bera da. Zumaiarron kasuan astean sei entrenamendu egiten ditugu, eta elikadura eta gure buruarekiko zaintza asko lantzen da, beste elkarteetan bezala.
Arraunean hasi nintzenean ez genuen zaintza fisikoarekin lotutako ezer; orain, aldiz, dietistak, fisioterapeutak eta medikuak ditugu, gizonek bezala. Beraz, esango nuke klubak ere ari direla zaintzen emakumeen arrauna, baliabide berak ematen bai gizonei eta bai emakumeei.
I.A.: Klubek gure alde apustua egin dute emakumeen arraunak aurrepausoak eman ditzan. Esango nuke guregan inbertitzen dutela gure prestaketa eta egindako lan guztia islatzeko asmoz. Soldata jasotzera ez gara iritsi oraindik, baina beste makina bat arlotan, materialaren arloan adibidez, apustua egin dute klubek.


Traineruak osatzeko arazoak izan dituzte noizbait zenbait klubek: Zumaiak eta San Juanek, adibidez.
A.U.: Arraunean zikloak daude. Oso kirol gogorra da, oso sakrifikatua, eta motibazioa mantentzea zaila da, behin helburu batzuk lortuta: Zumaian Kontxako Bandera irabazi eta bi urtera ez genuen trainerurik, hori da horren erakusle. Jende multzo batek utzi egiten du eta harrobirik ez baldin badago zikloa amaitu egiten da, eta dirua mahaigaineratzen ez bada, ez dago talderik. Zaila da, jende asko mugitu behar da eta. Harrobia landu behar da horretarako, baina ea zer egin behar den herriko gazteak arraunean hasteko.
I.A.: Orioren kasuan, harrobian lan oso ona egiten da, lortzen da  jendea arraunean hasi eta zaintzea. Beraz, Oriok harrobia izaten jarraituko duela uste dut.
Horrez gain, taldean askotan aipatu izan dugu pena ematen duela traineru baten etorkizuna ziklo baten menpe egotea. Hau da, emakumeen arrauna ziklo baten menpe egotea. Baina, azken finean, hauxe da arrauna: ia urte osoa egunero kirolera bideratuta egotea, ikasketak edota lana aurrera eramaten jakitea, eta abar. Hori guztia, diru sarrera finkorik izan gabe. Mutiletan ere hala gertatzen da eta gerta liteke, baina momentu batean bizitza aldatzen zaizu eta arrauna uzten duzu, lehentasunak aldatzeko uneak iristen direlako.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide