Gipuzkoako Harri Txikien txapeldun berria da Urra

Zarauzko Hitza 2019ko uztailaren 27a

Mikel Lopetegi 'Urra', Zarauzko Bi Harriak proban.

Gipuzkoako Harri Txikien Txapelketako marka ondu du Mikel Lopetegi 'Urra'k, 10.100 kilo altxata. Euskadiko txapela ere jantzi zuen hilaren 14an.

Une honetan, ez dago harri txikien lehian Mikel Lopetegi Urra geratuko duenik. Euskadiko Txapelketa irabazi zuen hilaren 14an, eta txapela berri bat jantzi berri du zarauztarrak; Gipuzkoako Harri Txikiena, hain zuzen.

Atzo, uztailak 26, Astigarragan (Gipuzkoa) jokatu zuten Gipuzkoako Harri Txikien Txapelketa. 89 jasoalditan 10.100 kilo altxa zituen Urrak. Hala, Gipuzkoako txapeldun berria izateaz gain, 9.775 kiloan zegoen marka ondu zuen. Beraz, zarauztarrak ezarri du marka berria.

Aimar Irigoienek egin zuen bigarren Astigarragan, 85 jasoalditan 9.847,5 kilo jasota. Imanol Albizu, aldiz, hirugarren izan zen. Iaz Irigoien nagusitu zen txapelketan; 9.412,5 kilo altxa zituen.

Gipuzkoako Aizkolari txapelketari dagokionez, Julen Alberdi Txikia IV izan zen garaile atzo, lanak 31 minutu eta 26 segunduan osatuta. Lehia estua izan zuen Mikel Larrañagarekin; hark 31 minutu eta 47 segundu behar izan zituen. Ugaitz Mugertzak egin zuen hirugarren.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide