Beste urte batez, modaren inguruan lanean diharduten Zarauzko denda txikiei bultzada emateko desfilea antolatu dute hainbat elkartek elkarlanean. Zarauzko Udalaren bultzadarekin, Murkil dendarien elkarteak egiten du zubi lana, Gipuzkoa de Moda elkartearen eta herriko denden artean.
Larunbatean egingo dute ekitaldia, eta horren inguruko azalpenak aste honetan eman ditu Laura Chamorro Gipuzkoa de Moda elkarteko zuzendariak, Iker Basurko Zarauzko Udaleko Merkataritza zinegotziarekin batera.
Batetik, azaldu du desfilean marka bakarrarekin lan egiten duten dendak zein marka askorekin lan egiten dutenak ikusteko aukera izango dela.
Bestetik, zehaztu du ekitaldia 21:30ean hasiko dela, malekoian, eta sarrera doakoa izango denez, nahi duenak izango duela hurbiltzeko aukera 25 metro luze eta 8 zabal izango dituen pasarelara. Eguraldiagatik malekoian egitea ezinezkoa izango balitz, Aritzbatalde kiroldegian izango litzateke desfilea.
Desfilea, bi zatitan
Zarauzko 21 dendak datorren udazken-negu denboraldirako dituzten proposamenak ikusi ahal izango dira desfilean. Ekitaldiaren lehenengo zatian marka bakarrarekin lan egiten duten denden lanak ikusteko aukera izango da eta, ondoren, multimarken txanda izango da.
Chamorrok azaldu du ekitaldiaren helburuetako bat dela ikusaraztea denden "trantsizio egoera", interneteko salmentak gora doazen garaiotan. "Garaia ezinhobea da, Zarautzek turismo asko duelako eta komertzialki oso leku aberatsa delako", adierazi du.
Murkil Zarauzko merkatarien elkarteari eta Zarauzko Udalari eskerrak eman dizkie Chamorrok, horiek ekitaldi honi eman dioten laguntzagatik, eta azaldu du dagoeneko datorren urtera begira jarrita daudela, modaren munduan lan egiten dutenen artean "indarrak batzen jarraitzeko".