Abuztuaren 31n, larunbatean, Euskal Herriko txoko desberdinetatik etorriko diren taldeak lehian ariko dira Aritzbatalde kiroldegian. 09:00etan infantil neskak hasiko dira partidak jokatzen (Orio eta Zarautz), eta infantil mutilak izango dira hurrengoak (Usurbil eta Zarautz). 11:00etan kadete nesken txanda izango da (Malkaitz, Burlata eta Zarautz) eta, goizeko partidak amaitzeko, jubenil mutilek jokatuko dute (Urduliz eta Zarautz).
Bazkalostean, aniztasun funtzionaleko Barakaldoko taldea ariko da eskubaloian, eta horren ostean, 17:00etatik aurrera, Baztango Irisarri taldeak Zarauzko Aialaren aurka neurtuko ditu indarrak. Eguna amaitzeko, ASOBAL ligako bi euskal taldeen arteko lehia ikusteko aukera izango da: Anaitasuna eta Bidasoa.
Sarrerak egunean bertan, kiroldegiko leihatilan jarriko dituzte salgai; helduenak 5 euroan eta 14 urtetik beherakoenak euro batean.