Berrikuntzak dakartza datorren ikasturteko kiroldegiko eskaintzak

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2019ko uztailaren 23a

Libiana BPXport enpresako langilea Leire Arana udaleko Kirol zinegotzia datorren ikasturteko kirol eskaintza aurkezten. (Gorka Peñagarikano)

Gaurtik hasi eta uda amaitu bitartean egongo da aukera kiroldegian izena emateko. %10 igoko da Aritzbataldeko kirol eskaintza, aurretik dihardutenei plaza mantentzea bermatuz.

Ireki berri dute Aritzbatalde Kiroldegiko kirol eskaintza berrian izena emateko epea. Leire Arana udaleko Kirol zinegotziak eta kiroldegia kudeatzen duen BPXport enpresako Libana Taboadaren eskutik jakin ditugu datorren ikasturteko berrikuntzak: nagusiena, ziurrenik, orotara 10 ikastaro gehiago eskainiko direla.

"Azken bi urteotan, bi kolektibo zehatzetan jarri genuen arreta: 16 urtetik azpiko gazteetan eta 60 urtetik gorako herritarretan", adierazi du Aranak. Haurren ikastaroei dagokienez, berrikuntza nabarietako bat da 0 eta 3 urte bitarteko haurrei zuzendutako ikastaroak hiru hilekoak izango direla eta, hala,  irailean sei hilabete beteak ez zituzten haurrek bigarren edota hirugarren txandan apuntatu ahal izango dute.

Asteazken arratsalde eta larunbat goizetan, 3 urtetik aurrerako 18 haurrei ikastaro berri bat irekiko zaie, izan ere, adin-tarte horietan itxaron zerrenda handia egoten da. Zozketaren bidez egingo da plazen esleipena, eta Aranak adierazi duenez, denak sartzea espero dute.

"Plazak mantenduko dira"

"Helduen igeriketa ikastaroetako maila guztietan plazak mantenduta, jendearen eskariari erantzungo diogu", adierazi du Aranak. Izan ere, aurten arte, mailaz igotzea eskatu baina igotzea lortzen ez zutenek ez zuten plaza mantentzen. Datorren ikasturtetik aurrera, aldiz, bai; igotzea eskatu zein eskatzen ez dutenei gordeko zaie.

Bestalde, fitness aretoko begiraleen ordutegia ere zabalduko dute, iazko erreklamazioei erantzunez. Hala, irailetik aurrera, 17:00etatik kiroldegia itxi arteko ordutegian egongo dira aretoan.

Eskaintza %10 gora

Aritzbataldeko kirol eskaintzaren %10 igotzea, hots, ikastaroak 104tik 114ra igotzea, "esanguratsua" dela adierazi dute biek ala biek . "Iaz, astero-astero, 1.375 herritarrek egin zuen ariketa fisikoa Aritzbatalde Kiroldegian; horiek 10.000 ordu dira", azaldu du Taboadak.

Helduek  abuztuaren 31ra eta haurrek irailaren 15era bitartean izango dute apuntatzeko epea. Helduen zozketaren berri irailaren 3an emango  dute eta haurrena 18an; biak udalaren webgunean eta kiroldegian kontsultatuko dira, NAN bidez.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide