Asteburu hau heldu arte, ordura arte jokatutako sei estropadetatik bost irabazi zituzten zarauztarrek; Deustu gailendu zitzaien Baionan, laugarren banderan. Deustuarrek ziruditen, itxura guztien arabera, zarauztarren areriorik nagusiena, baina azken estropadetako Getariak orain arte erakutsi gabeko maila eman du. Aurreko astean jokatutako Donostiako banderan gertu direla eta indartsu datozela erakutsi zuten, eta larunbatean Pedreñan lortu dute bila zebiltzana: lehen garaipena.
Nagusitasunez gailendu zen Getaria Pedreñako estropadan. Bigarren txandan lehiatu zuen Arkote, Pedreña eta Camargorekin, baina bigarren ziaboga heltzerako atzean utziak zituen hirurak. Hirugarren eta azken txanda hasterako, beraz, jakina zen Getariaren denbora gainditzeko egin beharrekoa ez zela gutxi izango: 20:35:94 markatu zuen helmugan. Zarautz eta Deustu izan zitezkeen denbora hori gainditzeko hautagai nagusiak, baina bazegoen ikusmina Jose Luis Korta entrenatzailea fitxatu berri duen San Juan ikusteko (seigarren amaitu zuen).
Enbatak eta Tomaterak ezarri zuten erritmoa hirugarren eta azken txandan. Getariak jarritako denbora bizkortzen ari ziren lehen ziabogan, baina bai bata zein bestea atzetik zeuden bigarren ziabogara iristerako. Alde nabarmenik gabe, baina txikitzen beharrean pixkana-pixkana handituz zihoan tartea. Amaieran 20:43:12 markatu zuten zarauztarrek, getariarrak baino zazpi segundu mantsoago eta deustuarrek baino zazpi azkarrago. Bandera eskuratu ez arren, sailkapenari erreparatuz, Deusturi puntu bat gehiago ateratzeko beste estropada bat izan zen Enbatarentzat, lidertza indartzeko lain.
Deustu nagusi Errenterian
Errenteriako erlojuaren aurkako saioa ez da arraunlarien estropadarik gustokoena ohi izan. 13:00etan jokatu zen estropada, eta itsas-behera 14:00 aldera zen iragarria; beraz, arraunlariek jakingo dute inork baino hobeto nolakoak ziren arraun egiteko baldintzak.
Irtetzen azkenak zarauztarrak izan ziren, sailkapen nagusian duten lehen postuarengatik. Donostiarrak ezarri zuen ordura arteko markarik onena ziaboga guztietan, eta Enbata irten zenean donostiarren amaierako denbora zehatza jakiten ez zen arren, espero zen haiena izatea gainditu beharreko marka. Azken bigarren irten zen Deustuk gainditu zuen, baina, aipatutako denbora; hamarren batzuk gorabehera, azken luze ikaragarri batekin. Enbatak Tomaterak ezarritako denborak ziabogaz ziaboga berdindu edota gainditu arren, azken luzean zortzi segundu galdu zituen Deusturekiko. Hala, laugarren postua eskuratu zuten Deustu, Donostiarra eta Getariaren ondoren.
Bederatzigarrena Badok 13k
Larunbat arratsean jokatu zen estropada etxetik 200 kilometro pasatxora, San Vicente de la Barqueran (Kantabria). Minutu erdiko aldearekin gailendu ziren, jarraian Fortuna eta Getxo zituztelarik.
Zarauzko beteranoen bigarren taldeak ere jokatu zuen estropada, baina gonbidatu gisa. Beste talde gonbidatuekin batera aritu zen txandan, eta hirugarren amaitu zuten. Sailkapen nagusian Badok 13 lehen taldia nagusi, eta hamargarren postuan beteranoen bigarren taldea.