Aurten Zarautzen egingo dute Kilometroak jaialdia, urriaren 6an. Udan ere Kilometroen aldeko egitasmoek hartuko dute herria; eta asteburu honetan ere jarri dute azpimarra antolatzaileek. Bihar Asti zelaian jokatuko du Realak, baina horretaz gain, Kilometroen aldeko tonbola izango da asteburu osoan zehar.
Hala, bihar eta igandean, itsas pasealekuan kokatuko dute tonbola, Duke Enea parean. 10:00etatik 21:00etara izango da. Euro batean salduko dituzte txartelak, eta "saria ziurtatuta" dagoela nabarmendu dute. "Sekulako sariak lortu daitezke: bizikletak, surfeko oholak, telebistak, Arzaken edo Otzarretan bi lagunentzako otorduak, Athleticeko edo Realeko jokalarien kamiseta sinatuak, Gatibu edo Era Batera taldeen diskoak sinatuta, gitarrak, saskiak, urdaiazpikoak, Aialaren baloiak sinatuta, pilotarien kamisetak sinatuta eta abar".
Azaldu dute Zarauzko zein Gipuzkoa osoko establezimenduek egin dutela tonbolan sariak eskaini ahal izateko ekarpena; baita "Euskal Herri osoko kirol eta musika jardueretan dabiltzan lagunek edota kulturgintzan dihardutenek" ere.