Uda bete-betean gaude dagoeneko, eta Santa Marinako, Zelai Ondoko, Iñurritzako zein Elkanoko festen ostean, Vista Alegre hartuko du jaiak. Gaur hasi eta igandera bitartean ospatuko dituzte auzoko festak, eta asteburu osoko egitaraua antolatu dute auzokideek.
Gaur 18:00etan jaurtiko dute jaien hasiera iragartzeko ohiko txupinazoa, eta jarraian, dardoetan zein futbolinean arituko dira bizilagunak, nor baino nor. Iluntzean, aldiz, sabela betetzeko aukera izango dute; 21:00etan hasiko da haragi parrilada. Gauean ere izango da zer gozatua: Fan&Go taldeak kontzertua eskainiko du.
Larunbatean haurrei zuzendutako jarduerak izango dira nagusi, eta goizean goiz murgilduko dira ospakizunetan. 10:00etan izango da diana, eta horren ondoren, eskulanetan eta marrazketan arituko dira auzoko gazteenak. Eguerdian, saskiratze eta penalti lehiaketetan jokatuko dute 2-6 urte bitarteko haurrek, eta motorrean zein patinetean lehiatzeko tartea ere izango da.
Arratsaldean, herri bazkaria zein zezen txikiak eta pottokak izango dira, eta iluntzean eta gauean, DJ Arosen doinuek girotuko dute auzoa.
Igandean ere haurrak izango dira protagonista. Besteak beste, auzoko umeen ikuskizuna, apar festa edota txokolatada prestatu dituzte. Ohiko sardina jana ere egingo dute, eta herriko bertsolariak ariko dira kantuan.
Egitaraua
Gaur, ostirala
18:00. Jaien hasiera iragartzeko txupinazoa botako dute, eta buruhandiak aterako dira.
Jarraian, dardo lehiaketa eta futbolin lehiaketa.
21:00. Haragi parrilada egingo dute bizilagunek.
22:30. Fan&Go erromeria taldearen kontzertua.
Bihar, larunbata
10:00. Diana.
10:30-12:00. Eskulanetan eta marrazki librean aritzeko aukera izango dute haurrek.
Aldi berean, saskiratze eta penalti lehiaketak izango dira. 2-6 urte bitarteko haurrek hartuko dute parte.
12:00-13:30. Motor eta patinete lehiaketa, biak barne.
14:00. Bazkaria egingo dute jubilatuek eta haurrek.
15:00. Herri bazkaria.
18:00. Zezen txikiak eta pottokak.
19:00. DJ Arosek girotuko du auzoa, haurrentzako musikarekin.
20:30. Patata tortila lehiaketa egingo dute bizilagunek.
23:00. DJ Aros ariko da berriro.
Uztailak 14, igandea
10:30. Diana.
12:00. Urtero bezala, auzoko haurrek ikuskizun berezia eskainiko dute.
13:30. Txistorra jana.
13:30. Apar festa.
17:00-19:30. Haurrentzako animazio ikuskizuna.
Ondoren, haurrentzako txokolatada.
18:30. Toka txapelketa.
20:00. Sardina jana.
Aldi berean, herriko hainbat bertsolarik abestuko dute.
20:00. Festen amaiera iragar-tzeko traka. Modu horretan
biribilduko dituzte aurtengo jaiak.