Zarauzko Udalak ekaina amaieran aurkeztu zuen aurtengo udako egitaraua. Hala, datozen hilabeteetan herrian izango diren kultur eta kirol jardueren berri eman zuten. Egitarauaren barruan, haurrei zuzendutako ekimenak ere antolatu dituzte; aste honetatik aurrera, ia ostegunero izango dira haurrentzako jarduerak, Lege Zaharren Enparantzan edota Modelo aretoan.
Datorren ostegunean, uztailak 11, Potxin eta Patxin pailazoek eskainiko dute ikuskizuna, 18:30ean Lege Zaharren Enparantzan. Aldiz, hurrengo ostegunean, uztailak 18, Tor Magoaren txanda izango da, leku eta ordu berean.
Hona hemen haurrei zuzendutako emanaldi guztiak:
- Uztailak 11. Potxin eta Patxin pailazoak. 18:30ean Lege Zaharren Enparantzan.
- Uztailak 18. Tor Magoa. 18:30ean Lege Zaharren Enparantzan.
- Abuztuak 1. Puzgarriak eta Dantzateke dantzaldia. 17:00etatik aurrera Lege Zaharren Enparantzan.
- Abuztuak 8. Globe Story antzezlana, XXXI. Musikaldiaren barruan. 18:00etan Modelo aretoan.
- Abuztuak 22. Haurrentzako tailerra. 18:30ean Lege Zaharren enparantzan.
- Abuztuak 29. Txotxongilo bertsolariak ikuskizuna. 18:30ean Lege Zaharren Enparantzan.