Ikasturte amaieran murgildu dira Zarautz Abesbatzakoak ere. Uztailaren 20an, larunbata, Udako Kontzertua eskainiko dute Frantziskotarren elizan, 22:00etan hasita. Taldeko kideek azaldu dutenez, "eliz kantak, euskal kantak, beltz espirituala edota atzerriko kantak" abestuko dituzte.
Udako kontzertua izango da ikasturteko azken emanaldia. Hala, oporrak izango dituzte abesbatzakoek. Irailean berrartuko dituzte entseguak, eta irailaren 8an eskainiko dute hurrengo ikasturteko lehen saioa, 20:00etan Frantziskotarren elizan. Arantzazuko Amaren Salvea kantatuko dute bertan.
Ikasturte oparoa
Zarautz Abesbatzako kideen hitzetan, "jardun handiko" hilabeteak izan dituzte aurten. Besteak beste, kontzertuak eskaini dituzte Bruselan, Donostian eta Zarautzen. Herrian Santa Ageda bezperako emanaldia, Maitasun kontzertua edota Musikaren Eguneko kontzertua izan dira. Bestalde, Kantabriako, Gorlizko eta Donostiako abesbatzen emanaldiak antolatu dituzte Zarautzen.
Datorren ikasturteri gogotsu ekingo diotela ere iragarri dute. Santa Zezilia egunerako kontzertu berezia antolatzen ari dira dagoeneko; herriko abesbatza guztiak elkartuko dira elkarrekin abesteko. Abenduan ustekabe bat izango dela ere jakinarazi dute.