Gaurik luzeenaren zain

Amaia Urbieta Arruti 2019ko ekainaren 20a

Udari ongietorria festa giroan emango diote eskualdeko hainbat txokotan, eta ekintzaz betetako egitarauak osatu dituzte. Zarautzen ere izango da zer ospatua asteburu honetan; Zelai-Ondon asteburu osoan zehar izango da jai giroan murgiltzeko aukera.

San Joan eguna entzunda uda etortzen zaio jendeari gogora, eta uda entzunda, festa giroa. Honezkero eguraldi onari probetxua aterata egongo dira batzuk; agerikoa da hondartza zaleentzat, sorosleentzat eta aparkalekuentzat dagoeneko hasita dagoela uda. Urteko sasoien hurrenkerari jarraituz, ordea, larunbatean helduko da udako solstizioa.

Bizi-ohiturak eta lan egiteko modua urteen poderioz asko aldatu diren arren, kontu batzuek berdin jarraitzen dute. Aintzina, udako eguraldi onari eta uzta oparoari ongietorria egiteko eta negu hotzeko izpiritu ilunak erretzeko ospatzen zen San Joan gaua. Egun, gehiengoak uzta onik espero beharrik ez duen arren, kutsu bera mantendu du Euskal Herrian. Eta, nola ez, tradizioari lotutako zeremonia gehienetan egiten den bezala, festa giroan ospatuko dituzte San Joan bezpera eta haren aurretik eta atzetik dauden egunak.

Aiako Iturriotz auzoan, Azpeitiko Oñatz auzoan eta Urrestillan, Getariako Balentziaga kalean eta Zarauzko Zelai-Ondo auzoan asteburu osoan zehar izango da ospakizunetarako eta jai giroan murgiltzeko aukera. Toki gehienetan astelehenean, San Joan egunean, amaituko dituzte festak, baina Aiako Iturriotzen asteartera arte luzatuko dituzte, ekaitzaren kontrako eta auzoan hildakoen aldeko mezarekin eta haren ostean egingo duten hamaiketakoarekin. Urrestillan, berriz, asteazkenera arte, San Joan Hirugarrenera arte festetako ekitaldiak izango dira.

Festarako aukerarik, beraz, ez da faltako datozen egunetan. Ostiral berezia izango da biharkoa askorentzat, haur gehienek, behintzat, ikasturtea amaituko dute.

Zelai-Ondoko jaietako egitaraua

Bihar, ostirala

  • 19:00. Txupinazoa, Zulaika Botikaren biribilgunean.
  • 19:00. Txan Magoaren emanaldia, Zelai Ondoko pistan.
  • 19:30-22:30. Parrilada bolatokian, Unplug eta Roll abeslariekin girotuta.
  • 23:00. Musika emanaldia Gozo-Gozo taldearen eskutik, Zelai Ondoko pistan.

Ekainak 22, larunbata

  • 09:00. Goizeko Ihintza txistulari taldea Zelai Ondoko kaleetan zehar.
  • 11:00-14:00. Haurrentzako puzgarriak, Zelai Ondoko pistan (eguraldi txarra eginez gero, kiroldegian), VI. Patata tortilla lehiaketa eta marrazki txokoa bolatokiaren ondoan (patata tortillak 12:00ak baino lehen aurkeztu beharko dira).
  • 13:00. Tortilla lehiaketaren sari banaketa eta pintxo potea.
  • 15:30-17:30. Haurrentzako puzgarriak, Zelai Ondoko pistan (eguraldi txarra eginez gero, kiroldegian).
  • 17:30. Zelai Ondoko 4. Auzo Krosa, Zulaika Botikaren biribilgunean. Izen-ematea 17:00etan izango da. Jakinarazi dutenez, parte hartzaileen artean Xibartako izozkiak banatuko dituzte.  - Ondoren, sari banaketa eta txokolatada egingo dituzte.
  • 19:00. Ginkana Haize-Orratz gaztelekuko hezitzaileekin, Zelai Ondoko pistan.
  • 17:00-20:00. Bolatokia irekita egongo da nahi duenarentzat.
  • 19:30-22:30. Parrilada, bolatokian.
  • 22:30. Erromeria Fan&Go taldearen eskutik, Zelai Ondoko pistan.

Ekainak 23, igandea

  • 09:00. Goizeko Ihintza txistulari taldea, Zelai Ondoko kaleetan zehar.
  • 10:00. Zelai Ondoko VI. Bola eta Toka Txapelketa, Andres Illarramendiren omenez.
  • 11:00. Haur txokoa, bolatokiaren ondoan.
  • 14:00. Zelai Ondoko VI. Auzo Bazkaria. Zelai Ondoko pistan, Eutxourrei taldearen eskutik. Eguraldi txarra eginez gero, kiroldegian izango da. Txartelak salgai daude Iluntze, Trigal, Aritzbatalde eta Zelaitxo tabernetan.
  • Bazkalostean, mahai jolasak izango dira helduentzat, eta haurrentzat, partxis erraldoia.
  • 19:30. Parrilada eta sardina jana, bolatokian.
  • 21:30. Matraka elektrotxarangaren kalejira, San Joan sura.
  • 22:00. San Joan sua, Antonio Aranzabal zenaren zelaian, Mitxelena kalean. Montetxio abesbatza, Jalgi dantza kalea, Goizeko Ihintza txistulari taldea eta Zarauzko Txalaparta Eskolako eta ikasleak izango dira bertan.
  • 23:00. Bolatokira itzulera, Matraka elektrotxarangarekin.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide