Hugo Silveirak kontzertua emango du ostiralean, Modelon

Zarauzko Hitza 2019ko ekainaren 19a

Adarretatik musika jaialdiaren aurkezpen kontzertua izango da ostiralekoa, Modelo aretoan. Aurki jakinaraziko dute aurten zein egunetan izango den jaialdia.

Iaz egin zuten aurrenekoz Adarretatik musika jaialdia Zarautzen, uztailaren 20tik 22ra bitartean. Hiru gunetan izan ziren musika emanaldiak; Merkatu Plazan, Musika Plazan eta Borguetton. "Musikaren ertzak ukitzeko" eta kultura eta musika "erdigunean" jartzeko asmoz sortu zuten egitasmoa, Oier Aranzabal eta Mikel Unzurrunzaga Makala sustatzaileen hitzetan.

Aurten ere prestatu dute Adarretik, eta laster jakinaraziko dute zein egunetan izango den. Jaialdiaren aurkezpen modura, Hugo Silveira brasildarrak kontzertua emango du ostiralean, hainbat taldekiderekin batera, Hugo Silveira Project izenpean. 20:30ean hasiko da emanaldia Modelo aretoan, eta 5 euro balioko du sarrera bakoitzak.

Antolatzaileen arabera, "musika brasildarra eta jazz musika" uztartzen ditu Silveirak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide