Beraza inguruan ospatu dute Hondartza Hartu Eguna, eguraldi paregabearekin. Pixkanaka joan da jendea inguratzen, eta familia giroan, haur zein helduek izan dute jolasteko eta gozatzeko aukera.
Malekoian txosna, Hiruerreketako mahai-jolasak eta Artezaleaken marrazketa txokoa egon dira, baita Arraio irratiko esatarien postutxoa ere. Hondarretara jaitsita, berriz, denetik egiteko aukera izan da. Burdinezko hodiekin artelanak egiten jardun dira batzuk Juanjo Gurrearen laguntzaz; hondarrezko animalia handiak irudikatu dituzte beste batzuek Andoni Bastarrikarekin batera: kokrodiloak, olagarroak, dordokak...
Kometak hegaka ikusteko aukera ere izan da, eta surflari txikiak, berriz, itsasotik sartu eta atera ibili dira. Tropela Elkartekoen txokoak ere ez du nolanahiko harrera eduki. Hainbat zirkuitu egin dituzte parte hartzaileek, eta haietako batzuk, sekulako lana hartu dute. Ikusteko aukera izan da, esaterako, azeri buztanez eta haritz-adarrez apaindutako zirkuitu bat, ur-jauzi eta guzti. Haimar Zubeldia txirrindulari ohia ere aritu da jolasean, eta baieztatu du hondartzako tropelaren eguna "hitzordu garrantzitsua" izaten dela beretzat. Bere zirkuituan playmobil figurak zeuden "Aupa Haimar!" zioten banderekin, eta Frantziako Tourreko babesle izandako auto marken publizitate kartelak, eskoba autoa eta Tourmaleteko bihurguneak ere bertan zeuden, besteak beste. Haur askok gozatu dute tropelako zirkuituez, baina helduek ere izan dute tartetxoa beren haur garaiko kaniken eta txirrindularien jolasaz gozatzeko. "Jolasa zen, baina haurrak ginela oso serio hartzen genuen gure arteko lehia", baieztatu du partehartzaile batek.
Hondartzak nekea eta gosea sortzen dituela esaten dute, eta bi horiei aurre egiteko eta festarekin gozatu ahal izateko, txosnan atseden hartzeko aukera izan da. Hala, Getariako antxoak, tortilla pintxoak edo makarroiak jan dituzte bertaratutakoek, indarrak hartzeko.