Familia turismoaren inguruko jardunaldiak egin dituzte Zarautzen, aurrenekoz

Zarauzko Hitza 2019ko ekainaren 12a

(Onintza Lete Arrieta)

Basque Tour Turismoaren Euskal Agentziak eta Zarauzko Udalak familia turismoaren inguruko jardunaldiak antolatu dituzte, lehen aldiz. Gaur Modelon izan dira hainbat aditu eta turismoaren alorrean lan egiten duten profesionalak, eta besteak beste, "familia bidaiarien kontsumo ohiturak", "familientzako helmuga turistikoak" edota "Euskadiren erronkak" izan dituzte mintzagai. Biharko Orion jarri dute hitzordua, Arraunetxean.

Basque Tour Turismoaren Euskal Agentziak eta Zarauzko Udalak aurten antolatu dituzte familia turismoaren inguruko jardunaldiak aurrenekoz. Oraingoan Zarautzek eta Oriok hartu dute egitasmoa; Modelo aretoan izan dira gaurko saioak, eta bihar, Orioko Arraunetxera mugituko dira adituak eta turismoaren inguruan lan egiten duten profesionalak.

Jardunaldietako parte hartzaileak goizean goiz bertaratu dira Modelora, eta irekiera ekitaldian Xabier Txurruka Zarauzko alkateak, Maite Cruzado Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismoko zuzendari nagusiak eta Sonia Perez Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak hartu dute hitza.

Hiru mahai inguru izan dira goizean: Familia bidaiarien jokabidea eta kontsumo ohiturak; Familientzako helmuga turistiko bat sortzeko pilulak; eta Familientzako helmuga gisa merkaturatzeko gakoak. Besteak beste, Esther Facchin Zarauzko Turismo saileko arduradunak eta Eider Etxeberria Urola Kostako Turismo teknikariak hitz egin dute. Zarautz eta familia turismoa izan ditu hizpide Facchinek, eta Etxeberriak, "eskualde baten ikuspuntua" mahaira atera du; hain zuzen, Urola Kostarena.

Merkatu Plazan bazkaldu ostean, arratsaldean ere izan dira saioak Modelon: Familientzako helmuga gisa merkaturatzeko gakoak; Familia Turismoa Euskadin. Jardunbide egokiak; eta Euskadiren erronkak familientzako helmuga turistiko gisa. Hala, 18:00etan amaitu dute gaurko prestatutako egitaraua.

Bihar, hitzordua Orion

Bihar jarraituko dute jardunaldiek, Orioko Arraunetxean, baina ez dira saio irekiak izango; Euskadi familia turismoa proiektuaren barruan zuzendutako hitzaldiak izango dira. Networking tailerrak egingo dituzte Iker Fernandezen eskutik, eta jarraian, eskualdeko hainbat gune ezagutzeko aukera izango dute; hala nola, Begi Bistan, Talaiberri upeltegia edota Zumaiako kanpina eta Geoparkea.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide