Pagoeta Eguna izango da igande honetan

Zarauzko Hitza 2019ko maiatzaren 29a

(Karkara)

Pagoeta Mendizale Elkartekoek hitzordua jarri dute 08:30ean, Pagoetara elkarrekin igotzeko. Gero jatekoa, edatekoa eta erromeria izango da bertan, besteak beste. Salbatore Mitxelenakoek bat egin dute deialdiarekin, eta Mendimetroak ekimenarekin uztartuko dute.

Igande honetan, ekainak 2, izango da 60. Pagoeta Eguna. Pagoeta Mendizale Elkartearen eskutik, goizean hasiko dira ospakizun jarduerak. 08:00etan txistulariek kalejira egingo dute Zarauzko kaleetan barrena, eta 08:30ean Guria taberna aurrean jarri dute hitzordua, Pagoetara elkarrekin joateko. 12:30ean meza egingo dute gurutze ondoan, eta jarraian, erromeria izango da txistulariekin eta trikitilariekin. Jatekoa eta edatekoa ere eskainiko dute, eta Pagoetako kideek azaldu dutenez, edalontzi berrerabilgarriak jarriko dituzte eskuragarri euro baten truke. Plastikozko edalontziak erabiltzeari uztea da helburua.

Zarauzko Ikastolakoen hitzordua

Salbatore Mitxelena Ikastolakoek bat egin dute mendizale elkartearen deialdiarekin. Hala, 10:00etan elkartuko dira Sarobe-Berrin (Saberri), Pagoeta taldean igotzeko. Gero, 12:30ean, talde argazkia aterako dute gurutze ondoan.

Ikastolak Mendimetroak dinamikarekin uztartu du Pagoeta Eguna. Bertako kideek adierazi dutenez, "mendizaletasuna erabat txertatuta egon da euskaldunekin, eta ildo horretan sortu zen Mendimetroak ekimena".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide