Udal eta Foru Hauteskundeak

Gutxienez bikoiztu egingo da emakumezko alkateen kopurua Urola Kostan

Onintza Lete Arrieta 2019ko mai. 28a, 12:35

Duela lau urte 11 alkatetatik bi izan ziren emakumezkoak Urola Kostan. Hautetsien artean oreka gehiago egon zen, 133tatik 61 izan baitziren emakumezkoak.

Udal hauteskundeak direla eta, zenbaki berezia kaleratu zuen astelehenean Urola Kostako HITZAk. Herri gehienetako hautetsien argazkiak ikus zitezkeen bertan, eta ondo fijatuz gero, aurki zitezkeen desberdintasun batzuk duela lau urteko egunkariko argazkiekin alderatuta. Izan ere, emakumezko hautetsi gehiago izango da datozen lau urteetan eskualdeko udaletan, baita emakumezko alkate gehiago ere.

2015eko udal hauteskundeetan, 133 hautetsi zituen Urola Kostak, eta horietatik 61 ziren emakumezkoak; gizonezkoak baino 12 gutxiago. Portzentaia orekatua zela idatzi zen orduan egunkari honetan. Aurten, oreka hori indartu egin da, eta emakumezkoak gehiago izango dira gizonezkoak baino: 137 hautetsitatik, 69 emakume eta 68 gizon hain zuzen.

Aldaketa nabarmenagoa da alkatetzei dagokienez. 2015ean 11 alkateetatik bi izan ziren emakumezkoak. Aurten, bikoiztu egin da kopurua, eta lau izango dira alkateak datozen lau urteetan. Gainera, matematikoki beste bi emakumek ere badituzte aukerak alkate izateko, probabilitateak txikiak izan arren.

Sintoma bat

Gai honi lotuta, emakumeek politikan duten presentziaz analisia idatzi zuen duela egun batzuk orriotan Samara Velte kazetari zarauztarrak, eta zera zioen: «Pozgarria iruditzen zait, noski, emakumeek euren burua alkatetzara aurkeztea, baina ez hainbeste bertan eragingo dutenagatik, baizik eta sintoma bat iruditzen zaidalako: ahalduntze kolektibo baten ondorio da, emakumeei kalera irteteko eta hitza hartzeko pausoa emateko gai direla ulertarazten dien giro sozial batena».

Irakurri osorik analisi hori.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide