Udal eta Foru Hauteskundeak

Alkategaien erreakzioak atzoko udal hauteskundeen harira

Dorleta Agiriano Lai 2019ko mai. 27a, 12:13

Murua, Vazquez, Txurruka eta De Benito Zarauzko alkategaiak. (Dorleta Agiriano Lai)

Atzo izan ziren udal bozak, eta Xabier Txurruka (EAJ), Itziar Murua (EH Bildu), Gloria Vazquez (PSE-EE), Ana De Benito (Ahal Dugu-EquoBerdeak) eta Alfonso Santibañez (PP) Zarauzko alkategaien erreakzioak bildu ditu ZARAUZKO HITZAk.

Udal hauteskundeetan gehiengoari eutsi dio EAJk Zarautzen. Guztira 5.757 boto eskuratu zituen atzo; hain zuzen, bozen %45,43. Hala, alderdi jeltzaleak gora egin du, 2015ean baino ia 1000 boto gehiago jasota. Xabier Txurruka zerrendaburuaren arabera, "helburua Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan apirilean lortutako emaitzak berdintzea zen, eta berdindu ez, gainditu egin ditugu". "Zarautzek aurrera egitea erabaki du hauteskunde hauetan, argi eta garbi", adierazi du.

EH Bilduk ere gora egin du aurten, eta bigarren indarra izan da Zarautzen. Aurten, 4.546 herritarrek babestu dute koalizioa, 2015ean baino ia 1.000 gehiagok. Itziar Murua zerrendaburuaren esanetan, "pozik" daude emaitzekin: "Gora egin dugu herrian, Espainiako Gorteetarako bozekin zein 2015eko udal bozekin alderatuta". "Lanerako eta elkarlanerako prest" daudela azaldu du: "Zarautzen alde egiten jarraituko dugu, gobernuan zein oposizioan egon". Hala, datozen lau urteetan udalean "oposizio eraikitzailea" egingo dutela esan du, eta EAJ zein Txurruka zoriondu ditu.

PSE-EEk gutxi gorabehera mantendu egin ditu aurreko hauteskundeetan lortutako emaitzak. 1.182 boto jaso ditu, 2015ean baino 44 gutxiago. Hala, datorren agintaldian ere bi hautetsi izango ditu udalean, Gloria Vazquez eta Patxi Elola. Vazquezek azaldu du "pozik" daudela emaitzekin: "Mantendu egin gara boz zein zinegotzi kopuruan". "Ordezkaritzari dagokionez, aurreko agintaldiaren antzekoa da egoera udalean", gehitu du.

Ahal Dugu-EquoBerdeek zinegotzi bat galdu dute Zarautzen. 2015ean Ezker Anitzarekin batera osatu zuten zerrenda, eta 1.136 herritarrek bozkatu zuten. Aurten Ahal Dugu eta Equo soilik aurkeztu dira, eta behera egin dute emaitzetan: 664 boto eskuratu dituzte. Beraz, hautetsi bat izango dute 2019-2023 agintaldian, Ana De Benito. "Emaitzek ez gaituzte harritu; bagenekien zaila izango zela bi ordezkari mantentzea", esan du De Benitok: "Zinegotzi bat lortu dugu behintzat, eta horrekin pozik gaude". Dena den, zerrendaburuaren hitzetan, "zaila" izango da udaletxean "bakarrik egotea". "Gu hitz egiteko prest gaude, baina azken finean, EAJk erabakiko du zer gertatuko den Udal Gobernuarekin", gaineratu du.

PPk 380 boz lortu zituen atzo, eta ez du ordezkaritzarik izango udalean. Zinegotzia izateko 254 boto gehiago behar zituen. Alfonso Santibañez zerrendaburuaren arabera, "agerikoa da emaitzak ez direla nahikoak izan guretzat. Ez gaude pozik". Zarauzko alderdikideekin zein Gipuzkoako zuzendaritzarekin "azterketa zehatzago" bat egingo duela azaldu du, "atzoko emaitzen zergatiak" bilatzeko eta "hurrengo hauteskundeei begira egin beharreko lana" zehazteko. Bestalde, Santibañezek  adierazi du "oposizio eraikitzailea" egiten jarraituko dutela, "udal barruan ez bada, kanpotik".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide