Gaueko hamaikak alderako egin zuten atzo udal hauteskundeetako Zarauzko kontaketa ofiziala. 18.198 zarauztar zeuden boza ematera deituta, eta horietatik 12.796k (%70,32) jo zuten hautes-mahaietara, udala osatzeko bozkatzera. Beraz, 2015eko udal hauteskundeekin alderatuta, 5,28 puntu igo da parte-hartzea.
EAJk gehiengoari eutsi dio Zarautzen. Kontaketa ofizialaren arabera, guztira 5.757 boto eskuratu ditu alderdi jeltzaleak, botoen %45,43, hain zuzen. Txurruka zerrendaburuaren arabera, Zarautzen inoiz lortu duten emaitzarik onena izan da, boto kopuruari dagokionez zein portzentajeari dagokionez. Aurreko udal hauteskundeetan baino ia 1.000 boto gehiago jaso ditu EAJk; 2015ean, 4.813 izan ziren. Txurrukaren arabera, atzorako "helburua Espainiako Gorteetarako duela hilabete Zarautzen lortutako 5.463 botoak berdintzea zen, eta berdindu ez, gainditu egin ditugu. Apirilean baino 300 boz gehiago eskuratu ditugu". "Zarautzek aurrera egitea erabaki du hauteskunde hauetan, argi eta garbi", gehitu du.
Beraz, datorren agintaldian ere hamar hautetsi izango ditu EAJk Zarauzko Udalean, azken lau urteetan bezala. Txurrukaz gain, Miren Letamendiak, Jesus Aranak, Iratxe Zorrozuak, Iban San Martinek, Leire Aranak, Ixidor Larrañagak, Jon Andoni Urdangarinek, Iker Basurkok eta Irune Urbietak osatuko dute jeltzaleen taldea.
Zarautzen EH Bilduk jarraitu dio atzetik EAJri, 1.211 botoren aldearekin. 4.546 herritarrek bozkatu dute koalizioa oraingoan, hautesle erroldaren %35,87ak, hain zuzen. 2015eko hauteskundeetako emaitzekin alderatuta, gora egin du EH Bilduk ere; izan ere, 915 boto gehiago jaso ditu. Datorren agintaldiari begira, zortzi zinegotzi lortu ditu, duela lau urte baino bat gehiago: Itziar Murua, Ion Arozena, Mikel Goenaga, Ainara Landa, Begoña Olaizola, Jabier Etxaburu, Jesus Goikoetxea eta Eider Illarramendi.
PSE-EEk gutxi gorabehera mantendu egin du boto kopurua: 1.182 boto eskuratu ditu, 2015eko bozetan baino 44 gutxiago. Orain arte bezala, bi ordezkari izango ditu 2019-2023 agintaldian: Gloria Vazquez eta Patxi Elola. Azken lau urteetan ere Vazquezek eta Elolak ordezkatu dute PSE-EE udalean.
Ahal dugu-EquoBerdeak koalizioari dagokionez, zinegotzi bat galdu du udalean. Duela lau urte Ezker Anitzarekin aurkeztu ziren udal hauteskundeetara, Irabazi Zarautz izenpean, eta 1.136 boto lortu zituzten. Aurten, aldiz, soilik Ahal Duguk eta Equok osatu dute zerrenda, eta 664 zarauztarrek (%5,24) babestu dute. Hala, hautetsi bat izango dute datorren agintaldian, Ana de Benito independentea. Azken lau urteetan ere zinegotzi izan da.
PPk 380 boto lortu ditu eta, beraz, ez du izango ordezkaritzarik. Zinegotzi izateko 254 boz gehiago behar zituen Alfonso Santibañez zerrendaburuak.