Udal eta Foru Hauteskundeak

ANALISIA: Politika, emakumezko sinadurarekin

Samara Velte, kazetaria 2019ko mai. 23a, 13:32

(...) Pozgarria iruditzen zait, noski, emakumeek euren burua alkatetzara aurkeztea, baina ez hainbeste bertan eragingo dutenagatik, baizik eta sintoma bat iruditzen zaidalako (...)

Aurtengo udal hauteskundeetako ezaugarri nagusietako bat izango da, ziurrenik, inoiz baino emakumezko hautagai gehiago izango ditugula alkategai. Baten batek argudiatuko du, agian, emakume izate hutsak ez duela bermatzen politika egiteko modua aldatuko dutenik, eta arrazoiz aipatuko ditu boterearen etxeorratzetaraino heldu diren agintari batzuen adibideak: ez al zen, bada, Margaret Thatcher izan Erresuma Batuko sistema soziala suntsitu zuen gobernuko buru? Europako Batasuna malguagoa al da Angela Merkel kantziler denetik? Zergatik da abortua legez kanpokoa Brasilen, Dilma Rousseff agintean egon bazen?

Ez da nire asmoa horietako inor justifikatzea, baina geure buruari iruzurra egiten ariko ginateke ez bagenu onartuko batzuetan gaitasun eta ardura gehitxo kargatzen ditugula figura bakanengan, bereziki sinbolismo handia aitortzen diegunengan. Alegia: Nelson Mandela berri batek ere, munduko borondate eta esperientzia on guztia edukita, eta emakumea edo transa izanda ere, nekez aldatuko luke berak bakar-bakarrik gaur egun politikagintzan nagusi den makinaria.

Aldaketa politikoen ibilbide naturala geldoa eta aspergarria da; gizartearena bezalaxe. Baina batzuetan, kanpainen eta ikuskizunaren zurrunbiloan, antsietatez bilatzen ditugu aldaketak irudikatuko dituzten figurak: emakumeak, beltzak, hippie itxurako mesiasak... Euren ezohiko ezaugarri edo gaitasunengatik kristalezko sabai guztiak hautsi dituzten izaki miresgarri bihurtzen ditugu gure espektatibetan, eta horren araberako lorpenak exijitzen dizkiegu. Baina, hona paradoxa: gero, irudi hori ez bada politika ikusgarrietan islatzen, porrota ez da eurena bakarrik, sinbolizatzen duten talde osoarena baizik.

Horregatik naiz eszeptiko samarra gehiegi nabarmentzen diren hautagaiekin: ez dudalako injustua izan nahi eurengan ipintzen ditudan esperantzekin. Pozgarria iruditzen zait, noski, emakumeek euren burua alkatetzara aurkeztea, baina ez hainbeste bertan eragingo dutenagatik, baizik eta sintoma bat iruditzen zaidalako: ahalduntze kolektibo baten ondorio da, emakumeei kalera irteteko eta hitza hartzeko pausoa emateko gai direla ulertarazten dien giro sozial batena.

Bestela nekez azal liteke zergatik animatuko liratekeen hainbeste emakume, eta hain adin desberdinetakoak, plaza publikora, noiz eta zerbitzu sozialak murrizten eta mehetzen doazen garai batean, emakumeoi berriz geroz eta gehiago etxeranzko joera exijitzen zaigunean, politika guretzat oraindik eremu arrotz eta desatsegina denean.

Krisi garaian, segurtasun ekonomikoak falta direnean, familien beharrak asetzeko baliabideak eskasten direnean, emakumeen gain geratzen dira maiz karga berriak, zaharrei erantsita: etxeko helduenak edo txikienak zaintzeko laguntzarik kontratatu ezin delako; seme-alaba helduek ezin dutelako etxetik kanpo bizi; edota, langabezia luzeek eragindako frustrazioak baretzeko, entzuteko prest dagoen belarri bat behar delako etxeko sukaldean.

Horregatik zioen feminismoak aspalditik ‘pertsonala den guztia politikoa’ ere badela, eta lelo hori oso modu egokian birdefinitzen asmatu du toki eta garai desberdinetan. Hari esker ikasi dugu, besteak beste, politikak zerikusi gutxi daukala mahai gaineko kolpeekin, eta askoz gehiago elkarri entzutearekin eta elkar zaintzearekin, etxe bateko elkarbizitza kudeatzen den modu berean. Agian horren sintoma ere bada emakumezko hautagai gehiago aurkeztu izana: behingoz ikusi dugulako udaletxeko politikak asko daukala ikasteko etxeko politikatik, eta hori erakusteko egokienak, ziurrenik, etxeak gobernatzen dakizkiten horiexek direla.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide