Udalean aurreneko aldiz izan duzue ordezkaritza. Nola baloratzen duzu lau urte hauetan egindako lana?
Pertsonalki oso aberasgarria izan da, asko ikasi dut. Iritsi nintzenean ez nekien ezer politikaz, eta ikasi nuen aurreneko gauza izan zen frustrazioa kudeatzea. Oposizioan gutxiengoan egotea oso gogorra izan da. Bestalde, gure lana agian ez da asko ikusi, baina lortu dira gauzak oposizioari esker: esaterako, galarazi egin dugu surfcamp bat egitea babestutako eremu batean. Egin diren beste proiektu asko, berriz, gure programan ere bazeuden, eta beraz, alde egon gara.
Ezker Anitza ez da zuen koalizioan sartu.
Hiru alderdi politiko ginen, eta gure asmoa zen Elkarrekin Podemos bezala aurkeztea, baina eztabaidatu ondoren ezin izan dugu Ezker Anitzarekin akordiora iritsi. Pasaian eta Bizkaian pare bat herritan gertatu da, eta Bergaran Ahal Dugu bera bakarrik aurkeztuko da.
Bi zinegotzi dituzue gaur egun. Maiatzaren 26an zein da zuen helburua?
Zarauztarrek erabakiko dute, euren esku dago. Nahiko genuke bi lortzea, eta hiru ere bai. Uste dut gurekin asko hobetuko liratekeela udaleko ingurumen politikak eta politika feministak.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan, Ahal Duguk 1.000 boto galdu ditu Zarautzen, 2016koekin alderatuta; EH Bilduk, beste horrenbeste irabazi. Maiatzaren 26an isla izango dute emaitza horiek?
Normalean desberdinak izaten dira udal hauteskundeak eta hauteskunde orokorrak. Nire iritzia emango dizut: duela hiru urte gertatutakoa prestamoa izan zen argi eta garbi, EH Bildutik edo ezkerretik Ahal Dugura. Orain hori desagertu egin da, eta uste dugu datorren igandean lortu dezakegun emaitzetatik gertuago daudela apirilaren 28an lortu genituen emaitzak.
Zein dira zuen programaren ardatz nagusiak?
Lerro nagusiak, besteak beste, dira parte hartzea eta gardentasuna, etxebizitza, ingurumena eta feminismoa.
Zeuk erabilitako hurrenkerari jarraituz, zer proposatzen duzue parte hartze eta gardentasunean?
Udal politikak gardena eta parte hartzailea izan behar duela uste dugu, eta hori lortzeko, Hiritar Aulkia sortzea proposatzen dugu. Horren bidez, herritarrek udalbatzarretan eta udal batzordeetan parte hartuko lukete, herriarentzat estrategikoak diren erabakiak eztabaidatu ahal izateko. Guretzat oso inportantea da hori. Gardentasuna bermatzeko, berriz, urtero hiruzpalau auzo-batzar egingo ditugu, eta hor, udalean egiten dugun guztiaren berri emango dugu.
Etxebizitza arloan, zein da zuen lehentasuna?
Ezin dugu ahaztu Zarautzen oso zaila dela etxebizitza lortzea; erostea oso zaila da, eta gaur egun, alokatzea ere bai. Ezinbestekoa da gazteei laguntzak eskaintzea etxea aloka dezaten, eta baita etxebizitza hutsak merkaturatzea ere. Neurri batzuk hartu behar dira etxebizitzen prezioa jaisteko, bai salgai daudenak, bai alokairuan. Hala ere, gu prest gaude hau guztia eztabaidatzeko, uste dugulako jendeari galdetu behar zaiola zer nahi duen. Ekarpenei zabalik gaude. Baina oso gogorra da jendeari entzutea beren seme-alabek beste herri batera joan behar izan dutela bizitzera. Etorkinek ere ez dute aurkitzen etxerik hemen, herrian solidaritatea eta kooperazioa handia den arren.
Etxebizitza alokatzen laguntzeko gazteentzako diru laguntzak ere aurreikusi dituzue.
Bai, eta kooperatiba bidez alokairu sozialeko etxebizitzak egitea ere nahiko genuke. Udalak jartzen du lurra, eta herritarrek dirua jartzen dute. Usufruktuan jasotzen da, eta uztea erabakitzen bada, hasieran egindako inbertsioa errekuperatzen da. Bestalde, etxebizitzaz, hirigintzaz eta mugikortasunaz hitz egiten dugunean, hiri antolamenduaren plan orokorrari buruz hitz egin behar da, eta datorren agintaldian gure helburua da aztertzea eta egokitzea. Hori egiteko, eztabaida eta hausnarketa prozesu bereziak jarriko ditugu martxan. Zer egin Inurritza biotopoan? Hori argi dugu, baina Iritan, Errotaberrin, Astierrekan eta Astazubin ere erabaki behar dugu zer egin.
Hiribusa indartzea garrantzitsua da zuentzat.
Bai, mugikortasunari buruz hitz egitean, guretzat garrantzitsuena da Hiribus zerbitzua doakoa izatea. Neurri horrekin lortuko dugu autoak etxean uztea eta kaleak zarauztarrentzat errekuperatzea. Eta, bide batez, kutsadura murriztea. Aldapetako obrak direla eta, Vista Alegre auzora joan-etorria egiteko doan jarri du zerbitzua udalak, eta ikusi dut, neu han bizi naizelako, nola hazi den erabiltzaile kopurua.
Zer aurrekontu du Hiribus zerbitzuak?
500.000 eurora ez da iristen.
Azpiegiturei dagokienez, baduzue ideia zehatz bat zuen programan.
Bai. Asmoa da eztabaida bat zabaltzea gaur egun Zarauzko brigadaren eraikina dagoen eremuaz, Amallubiz. Gasteiztik eta Bilbotik datozen autobusak hor aurrean gelditzen dira, baina ez dago egoki jarrita. Eta planteatu zaigu hor autobus geltoki bat egitea. Hala ere, beste aukera batzuk aztertu behar direla uste dugu. Aurrena brigada hortik atera behar da eta Abendañora eraman, hura baita berezko tokia. Pare bat aldiz planteatu dugu agintaldian.
Eta Amallubin, zer?
Erabilera anitzeko espazio bat sortzea da gure ideia: kirol eta kultura eremu bat izatea nahi dugu, eta belaunaldien arteko erlazioak bultzatu, haur eta gazteentzako eta hirugarren gazteriarentzako espazioekin. Gaztetxea, rokodromoa, padel pista eta coworking eremua izango lituzke, besteak beste. Haur eskolara ez doazen umeek elkarrekin egoteko toki bat izango lukete, eta gazte eta ez hain gazteek gozatu ahalko lukete kontzertuez, antzerkiaz, monologoez eta beste hainbat aisialdi ekitaldiz. Tokia oso egokia dela iruditzen zaigu, bai kontzertuetarako, bai haurrentzat Astira bidean dagoelako, trena ere ondoan dauka... Hori da gure bigarren puntu nagusia, eta aurrenekoa, Hiribusa doakoa izatea.
Klima aldaketak ere arduratzen zaituzte.
Bai, egungo errealitatea da klima aldaketa, eta haren ondorioen kontra borrokatzeko neurri batzuk hartuko ditugu. Eraikuntza publiko berri guztiak energetikoki eraginkorrak izango dira, eta eraikita daudenetan trantsizio energetikoak garatuko dira. Bulego Berdea irekiko dugu biztanleek jasangarritasunarekin lotutako laguntzei eta jardunei buruzko informazioa emateko, Asti eta Irita babestuko ditugu, biotopoa hedatuko dugu eta animalien babeserako ordenantza berria sustatuko dugu. Hondakin bilketa sistemari dagokionez, datuek erakutsi digute organikoaren bilketa hobetu beharra dagoela, eta informazio kanpainak egiten jarraitzea bultzatuko dugu.
Berdintasuna sustatzeko zer proposamen dituzue?
Emakumeen etxeak autonomoa izan behar du gure ustez, eta hori bultzatuko dugu. Herriko mugimendu feministaren eta udalaren arteko elkarlan serio eta konprometitu bat bideratzeko gunea izan behar dugu. Hori da puntu nagusiena.
Enplegu berdea aipatu behar al da ekonomiaz hitz egitean?
Bai. Lana sortzeko udal estrategia, ekonomia soziala eta enplegu berdea sustatuko ditugu. Enplegu berdea da enplegu jasangarria, birziklatze prozesuetatik sortzen dena. Etorkizuneko enplegua da gure ustez. Azken batean, ekonomia sustatzeko gakoa da lan duina eta kalitatezkoa, eta modu onena da lau urte esaten daramaguna: zerbitzuek udalarenak izan behar dutela berriz ere. Merkataritza txikia babesteko neurriak garatu eta martxan jartzea ere nahi dugu, lehentasuna emanez beren beharrei, saltoki eta merkatalgune handiei eman beharrean. Eta bultzatu nahi ditugu ekonomia sozialera eta hirugarren sektore ez lukratibora bideratutako ekonomia aktibitateak ere.
Arlo eta gai asko aipatu dituzu, baina zuentzat zein da lehentasuna une honetan Zarautzen?
Gure lehentasuna jendea da, eta gero, horren inguruan gainerakoa: etxebizitzak, ekonomia, lana... Baina guretzat aurrena pertsonak dira.
Hauteskunde zerrenda aurkeztu zenutenean, aipatu zenuten turismoa inportantea dela herriarentzat, baina azpimarratuz herriak herritarrentzat ere izan behar duela. Zer turismo eredu bultzatzen duzue?
Turismo jasangarria eta ingurumenarekiko errespetua duena nahi dugu. Adibide bat jarriko dizut: oso gustuko dut hondartzara etortzea, eta iaz, ikaragarria izan zen; etortzen nintzen bakoitzean ondoko toldokoak nigana etortzen ziren, esanez zerbait egin behar genuela surfarekin. Hori nahi dugu? Surfaren turismoa? Hondartza norentzat da? Asko hausnartu behar dugu. Hondartzarena adibide bat bakarrik da. Ulertzen dugu saltoki asko turismotik bizi direla, baina zer motatako turismoa, eta zeinentzako nahi dugu? Turismoa ezin da izan kanpotarrentzat bakarrik. Modelo bat garatu dezakezu, non kanpotarrentzat eta zarauztarrentzat, bientzat izango den onuragarria. Gaur egun dugun eredua kanpotik datorrenari begira bakarrik dago, eta guretzat horiek ere garrantzitsuak izan arren, uste dugu zarauztarrok ere garrantzitsuak garela.
Apartamentu turistikoak erregulatzeko ordenantza eskatzen duzue.
Bai, jada askotan eskatu izan dugu udalean. Orain ez daude asko, baina hori kontrolatzen ez badugu, azkenean arazoa bihurtuko da. Zein da desberdintasuna lokal batean etxebizitza bat jartzearen eta apartamendu turistiko bat jartzearen artean? Apartamentu turistiko bat jartzea posible da, baina etxebizitza, ez. Oso zaila da hori jendeari azaltzea. Ikusi ditugu arropa eskegitzekoak kale erdian. Hori nahi dugu? Hori da gure galdera. Denok ados bagaude, ez dago arazorik, baina uste dugu hori kontrolatu egin behar dela. Bestetik: orain modan daude, baina moda hori desagertzen bada, zer egingo dugu etxe horiekin? Azkenean, turismo ereduaz hausnartu behar da, turista bat datorrenean ur mordoa gastatzen duelako etab. Tasa turistikoa ere planteatu izan dugu udalean....