Garaipena behar du Amenabarrek mailari eusteko

Zarauzko Hitza 2019ko maiatzaren 17a

Aritzbatalde kiroldegian izango da denboraldiko azken jardunaldia. (Luis Epelde)

Amenabar taldeak larunbat honetan jokatuko du denboraldiko azken jardunaldia. Mailari eusteko lehian murgilduta dagoen beste talde bat izango dute parez pare: Agustinos Alicante.

Denboraldiko azken esprintean daude Amenabar eskubaloi taldekoak. Bihar, larunbata, etxean jokatuko dute azken jardunaldia, eta hil ala bizikoa izango da. Izan ere, pasa den asteburuan galdu egin zuten Ford Alisauto BM Torrelavegaren aurka, 31-28 markagailuarekin; hala, Zilarrezko Mailan jarraitu ahal izateko, Zarauzkoek garaipena behar dute derrigorrez. Mailari eusteko lehian murgilduta dagoen beste talde bat izango dute parez pare: Agustinos Alicante.

Une honetan, bost talde daude mailaz jaisteko arriskuan, eta horietako lauek dute puntu kopuru berdina: Sant Marti Adrianenc (22 puntu), Amenabar Zarautz (22 puntu), Agustinos Alicante (22 puntu), ARS Naranjas de Palma del Rio (22 puntu) eta Acanor Atletico Novas (21 puntu). Beraz, aurkari zuzenak dira Amenabar eta Agustinos, eta larunbateko norgehiagoka irabazten duenak lortuko du Zilarrezko Mailan mantentzea. 19:00etan hasiko da partida, Aritzbatalde kiroldegian.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide