Udal eta Foru Hauteskundeak

Udal hauteskundeetako alkategaiekin mahai ingurua izango da datorren asteazkenean

Zarauzko Hitza 2019ko mai. 16a, 17:19

Maiatzaren 26ko udal hauteskundeak baino lau egun lehenago, mahai inguruan parte hartuko dute Zarautzen aurkeztuko diren bost alderdietatik lauetako zerrendaburuek, HITZAk Erlo Telebistarekin eta Arraio Irratiarekin elkarlanean antolatutako ekitaldian.

EAJ-PNV, EH Bildu, PSE-EE eta Ahal Dugu-EQUO Berdeak udal taldeetako zerrendaburuek osatutako mahai ingurua izango da datorren asteazkenean, hilaren 22an, Modelo Aretoan. HITZAk antolatuta, Erlo Telebista eta Arraio Irratiarekin elkarlanean, 19:00etatik aurrera izango da saioa.

Bertan, arlo desberdinen inguruko beren jarrera azaltzeko aukera izango dute Xabier Txurruka, Itziar Murua, Gloria Vazquez eta Ana de Benito alkategaiek; Onintza Lete HITZAko kazetaria izango da moderatzailea. Sarrera librea izango da aretoa bete arte, eta mahai inguruaren amaierako tartean, herritarrek alkategaiei galderak egiteko aukera izango dute (galdera kopurua mugatua izango da). Twitter bidez galderak egiteko aukera ere izango da, #M26Zarautz traola erabilita. Modelora bertaratu ezin dutenek ere izango dute mahai ingurua jarraitzeko aukera, izan ere, zuzenean emango dute saioa Erlo Telebistan eta Arraio Irratian.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide