Cabreiroa Pro Zarautz 2019

Vicente Romerok eta Pauline Adok irabazi dute Cabreiroa Pro Zarautz txapelketa

Zarauzko Hitza 2019ko mai. 12a, 08:27

Aurreikuspenak aurreikuspen, atzo jokatu zituzten Cabreiroa Pro Zarautz Basque Country presented by Oakley surf txapelketako finalak eta finalerdiak. Ado hendaiarrak irabazi zuen bigarren aldiz jarraian emakumezkoetan, eta gizonezkoetan, Vicente Romerok.

2019ko Pro Zarautz surf txapelketak baditu txapeldunak dagoeneko. Finala gaur goizerako aurreikusten bazuten ere, olatuen baldintzengatik atzo goizean jokatzea erabaki zuten. Emakumezkoetan, Pauline Ado hendaiarra izan zen garaile bigarren aldiz jarraian (txapelketa irabazten duen hirugarren aldia da), eta gizonezkoetan, Vicente Romero izan zen garaile.

Final estuak izan ziren biak ala biak. Emakumezkoetan, Leticia Canales aurretik joan zen ia manga osoan zehar, baina azken unean Adok jakin zuen nola aurre egin bilbotarrari. Gizonezkoetan, aurre egin behar izan zion Vicente Romerok txapelketa osoan zehar bere mangak puntuazio bikainaz irabazi dituen Maxime Huscenoti. Romero tinko ibili zen ordea, eta 15,7ko puntuazio ederraz gailendu zitzaion frantziarrari, hala, txapela eskuratuz.

Ruben Vitoria zarauztarrak ezin izan zuen finalerdietan aurrera egin Maxime Huscenoten aurka, baina irribarre zabal batekin hartu zuen zarauztar onenaren saria. Emakumezkoetan, Nadia Erostarberi eman zioten.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide