Trainerila eta traineru estropadak izango dira igandean

Zarauzko Hitza 2019ko maiatzaren 10a

Zarautzen izango dira asteburu honetako trainerila eta traineru estropadak. Bertan, ZAE-ko sei ontzik hartuko dute parte guztira.

Igandean, maiatzaren 12an, estropadak izango dira Alle Punta inguruan. Alde batetik, Gipuzkoako Trainerila ligaren 5. jardunaldia jokatuko dute. Bertan, jubenil, emakume absolutu eta senior absolutu mailako 30 trainerilak hartuko dute pate, eta haien artean, Zarauzko Arraun Elkartearen lau trainerila izango dira: jubenil mailako bat eta senior gizonezkoen mailako hiru.

Trainerilen estropada amaitzean, ABE ligako bigarren jardunaldia ere jokatuko dute eremu berean. ZAE-ko Badok 13 beteranoen taldeak bi ontzi aterako ditu. A taldekoek Pontejosen (Kantabria) jokatutako lehen estropada irabazi zuten. Elkartearen hitzetan, talde "lehiakorra" osatu dute eta "iazko emaitzak hobetzeko bidean" izango dira.

Bazkideen Ohiko Batzarra

Estropaden bezperan, bihar, Ohiko Bazkideen Batzarra egingo du ZAEk kiroldegiko beren gunean. 11:00etatik aurrera, 2018ko kirol lorpenen berri eta diru kontuen berri emango dute, baita 2019ko aurreikuspenez ere.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide