Asti Txikiko belar artifiziala berritzeko lehiaketa publikoa iragarri du udalak

Zarauzko Hitza 2019ko maiatzaren 8a

Asti kirolguneko zelai erabiliena izanagatik, bertako belarra ez zuten inoiz aldatu. Udalak lanak uztailerako amaituta egotea aurreikusten du.

Zarauzko Udalak lizitaziora atera du Asti Txiki futbol zelaiko belar artifiziala berritzea eta mantentzea, eta bi zelai erantsien mantenua. Jarduerak garatzeko aurrekontua, gehienez, 245.100 eurokoa (BEZ barne) izango da eta exekuzio epea, bost astekoa.

Asti Txiki futbol zelaia kirolguneko erabiliena da eta orain arte ez da inoiz aldatu bertako belarra. Hala, zelaiko egungo belarra aldatu egingo da 60 milimetroko altuera eta 6.400 metro karratuko azalera duen belar artifizialagatik. Belar horrek bi motatako filamentuak izango ditu, bi koloretan, eta arauek eskatutako kalitate eta homologazioak beteko ditu. Obrak ekainean hasi eta uztailerako amaituta egotea aurreikusten du udalak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide