Pro Zarautz surf txapelketaren bezperetan, eguraldia eta itsasoa egokiak izan daitezen behatzak gurutzatuta daude antolatzaileak, gainontzeko guztia gertu baitago dagoeneko. Beraza inguruan karpak prest daude, eta egitaraua itxita dago.
Aurreko urteetan bezala, puntako surflarien erakustaldiez gain, hainbat emanaldi eta kultur ekitaldiz jantzi dute egitaraua. Aurtengoan, Argiñano jatetxearen inguruan izan beharrean, Berazan izango dira zenbait ekintza eta txapelketa bera. Kontzertu nagusiak, berriz, Desertu Txikiko oholtzan emango dituzte.
170 surflari
Oraindik txapelketan izena emateko aukera zabalik dago, eta dagoeneko 170 surflari daude txapelketako parte hartzaileen zerrendan. Horietako zenbaitek wildcar-aren bidez izan dute aukera txapelketan parte hartzeko: Adur Amatriainek eta Nadia Erostarbek, urtean zehar egindako lorpenengatik eta Janire Gonzalezek eta Roberto Letamendiak Gipuzkoako txapelketa irabazteagatik. Gonzalez zumaiarra da, eta wildcar-a daukaten gainontzeko hirurak zarauztarrak. Bederatzi dira guztira etxean jokatuko duten surflariak. Aurretik aipatutakoez gain, Aritz Aranburu, Ruben Vitoria, Hodei Collazo, Iker Amatriain, Lander Davila eta Keoni Lasa ere izango dira bertan. Bederatzi zarauztar horiez gain, beste hemezortzi surflari euskaldunek hartuko dute parte txapelketan. 27 izango dira, beraz, Zarauzko uretan surfeatuko duten euskal herritarrak.
Horiez gain, azpimarratzekoa da azken hiru txapelketetako txapeldun guztiak izango direla lehian, baita munduko txoko desberdinetatik etorritako surflariak ere: AEB, Argentina, Brasil...
Eguraldi eta olatuen menpe
Antolakuntza eta prestaketa lan paregabeak eginagatik, ez da txapelketa borobila izango olatuek eta eguraldiak laguntzen ez badute. Oier Illarramendi txapelketako zuzendariak azaldu duenez, udaberritik udarako trantsizio unea izateak eragina dauka olatuetan. Biharko metro inguruko olatuak espero dituzte, eta ostegun gauerako lau metro ingurukoak. Dena den, egunean zehar berriro metrora jaitsiko dira. Astebururako, izatez, olatu aurreikuspen "eskasa" emanda bazegoen ere, orain itxura hobea hartu du kontuak, Illarramendiren hitzetan. Eguraldiari dagokionez, giro epel eta eguzkitsua aurreikusten da astebururako.
Antolakuntzari eskerrak
Xabier Txurruka alkateak eta Maite Cruzado Aldundiko Turismo zuzendariak zorterik onena opa diete antolatzaileei guztia txukun atera dadin asteburuan. Txurrukak azpimarratu du aurtengo muntaia «bereziki azpimarragarria» dela, eta Cruzadok, instituzio eta sektore pribatuaren arteko kolaborazioaren garrantzia nabarmendu du. "Garatzen ari da bien arteko elkarlana, eta hori garrantzitsua da", azaldu du Cruzadok.
Roberto Letamendia eta Janire Gonzalez Etxabarri surflariek esker hitzak izan dituzte txapelketaren antolatzaileentzat, etxeko surflariei "aukera polit hau" ematearren.
Egitaraua
Gaur, asteartea
19:00. Ongietorria Golf Elkartean.
21:00. DJ Jano Freestyle, Golf Elkartean.
Bihar, asteazkena
08:30. Checking deialdia.
11:00. Surf eskola Moor-en eskutik.
16:00. Surf eskola.
20:00. Stab In The Dark ikus-entzunezkoa, Pukasen eskutik.
Maiatzak 9, osteguna
08:30. Checking deialdia .
09:00. Yoga saioa.
12:00. Carver surf skate probaketa.
20:00. Axier Muniainen hitzaldia, gazteleraz: Surflariak XXL uretan.
21:00. DJ Junaited.
Maiatzak 10, ostirala
08:30. Checking deialdia.
09:00. Yoga saioa.
11:00. FederArteren merkatua.
12:00. Carver surf skate probaketa.
16:00. Carver txiki, solasaldia. eta haurren erakustaldia skateparkean.
17:00. Emakumea Surflari.
19:00. Dantz Festibala (skateparkean). Max Abysmal eta Mario Azurzaren eskutik.
00:30. Frances Be eta Araña DJak Bederen tabernan.
00:30. Anwolt eta Xiarroman DJak Beraetxe tabernan.
00:30. Rubio eta Elektropeña DJak Marmol tabernan.
Maiatzak 11, larunbata
08:30. Checking deialdia.
09:00. Yoga saioa.
11:00. FederArteren merkatua.
11:00. Emakumea Surflari.
12:00. Surf inklusiboa.
13:00. Hondartza garbiketa.
16:30. BMX-en erakustaldia, skateparkean.
20:00. Silence taldearen kontzertua Desertu Txikian. Euria eginez gero, Berazan.
21:00. Lemy Riverren kontzertua Desertu Txikian. Euria eginez gero, Berazan.
22:00. Sunset Sons taldearen kontzertua Desertu Txikian. Euria eginez gero, Berazan.
23:30. DJ Eddie Mae Desertu Txikian. Euria eginez gero, Berazan.
Maiatzak 12, igandea
08:30. Checking deialdia
11:00. FederArte merkatua
12:00. Zarauzko kirolarien herri kirol erakustaldia eta Izetako sagardoa edateko aukera.
13:00. Skate txapelketa
15:00. Red Bull Expression Session
16:00. Sari banaketa