Garaipen garrantzitsua poltsikoratu du Amenabar eskubaloi taldeak pasa den asteburuan. Etxean izan dute jardunaldia, eta 30-25 markagailuarekin gailendu dira Acanor Atletico Novas talde galiziarraren aurka. Hala, mailari eusteko borrokan, aurkari zuzen bat azpiratzea lortu dute zarauztarrek.
Bi partida geratzen dira gizonezkoen Zilarrezko Mailako denboraldiari amaiera emateko. Datorren asteburuan Kantabrian jokatuko dute Amenabarrekoek, eta laugarren sailkatuarekin neurtuko dituzte indarrak; hain zuzen, Ford Alisauto BM Torrelavega taldearekin. Kantabriarrek laugarren postua ziurtatu dute dagoeneko, eta Asobal Mailan jokatu ahal izateko igoera fasean parte hartuko dute.
Denboraldiko azken jardunaldian, aldiz, Amenabarrek aurkari zuzen bat izango du parez pare: Agustinos Alicante. Une honetan, sei talde daude bigarren mailari eusteko lehian: Amenabar (22 puntu), ARS Naranjas De Palma Del Rio (22 puntu), Sant Marti Adrianenc (20 puntu), Agustinos Alicante (20 puntu), Acanor Atletico Novas (19 puntu) eta BM Santoña (19 puntu). Beraz, azken norgehiagokan alacantarren aurka irabaziz gero, Zilarrezko Mailan mantentzea lortuko dute zarauztarrek.