Aurkeztu dute Kilometroen abestia, 'Ni, Hi, Hura... Ikastola mundura!'

Dorleta Agiriano Lai 2019ko mai. 3a, 19:19

Ikastolako kideek "elkarlanean" egin dute abestiaren sorkuntza prozesua, eta "gutasuna eta alaitasuna" aldarrikatu nahi dituzte, "leloaren baitan dagoen 'gu' edo talde izaera" azaleratzea ipar. Emaitza gaur aurkeztu dute, Musika plazan.

Gaur, ostirala, Kilometroen abesti berria aurkeztu dute Salbatore Mitxelena Ikastolako kideek, Musika plazan. Ni, Hi, Hura... Ikastola mundura! izenpean, Ikastolakoek elkarlanean egin dute kantuaren sorkuntza prozesu osoa. Mamorroek, Batukada Feministak eta koreografia batek lagunduta aurkeztu dute emaitza.

Kilometroen abestia definitzeko, "gurea" hitza erabiliko luketela azaldu dute antolatzaileek. "Gutasuna eta alaitasuna" aldarrikatu nahi dituzte, eta aurtengo "leloaren baitan dagoen gu edo talde izaera" azaleratzea izan dute ipar. Nahikari Gabilondo ikasle ohiak eta bi ikasleren amek sortu dituzte hitzak. "Ikastolak oinarri, euskarri eta etorkizun herria duela azpimarratu nahi izan dugu; horma eta logoetatik haragoko zerbait garela. Gu gara, eta hala sentitzen dugun guztiok gaude gu horretan. Ez genuen nahi abesti hau 2019ko Kilometroetan hasi eta bukatuko zen zerbait izatea, eta gerora ere, mezu hori gogoratzen lagundu diezagun eman diogu forma hori", azaldu dute.

Ikastolako kideak sorkuntza prozesuan murgilduta zeudenean, "argi" ikusi zuten "ohikoari ihes egin" nahi ziotela, baina aldi berean, doinuak "dantzagarria, alaia eta ibiltaria" izan behar zuela erabaki zuten. Hodei Estebanek proposatu zuen doinua: "Errepika leloan oinarrituta egongo zela jakinda, zerbait oso saltaria ateratzen zitzaidan, swinga edo Balkanetako musika... Txaranga batekin kalean jotzeko moduko doinuak dira, gainera, eta bide batez, kanpokoa gure egiteko aukera ere ematen digute", azaldu du. Bestalde, Ikastolako ikasleek jarri diote ahotsa abestiari.

Ni, Hi Hura... Ikastola mundura! abestiaren hitzak

Itsasotik zeruraino
urdinean urdinago,
herria dut, herria naiz, ikastolatik harago.
NI naiz abiapuntua,
NI naiz hitzaren arnasa,
NI naiz harri-koxkorrekin eraikitako jolasa.
Ni, Hi, Hura... Ni, Hi, Hura... Jauzi eginik gura
Ni, Hi, Hura... Ni, Hi, Hura... Ikastola mundura!
HI haiz behinola egin zen habia baten oraina, geroztik nor babestua
izan duena ordaina.
Inoiz baino ederrago,
inoiz baino berdeago,
bide hontan emandako pauso bakoitzean hago.
Ni, Hi, Hura.. Ni, Hi, Hura... Jauzi eginik gura
Ni, Hi, Hura.. Ni, Hi, Hura... Ikastola mundura!
Hura putzu more bat da
eta putzuaren jiran
mamorruak hor dabiltza
algaraka kalejiran
Patinetez, bizikletaz
edo eskutik helduta,
irten gaitezen mundura
mundua zain daukagu ta!
Ni, Hi, Hura.. Ni, Hi, Hura... Jauzi eginik gura
Ni, Hi, Hura.. Ni, Hi, Hura... Ikastola mundura!

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide