Maiatzaren 26an izango dira hurrengo udal eta foru hauteskundeak. Zarauzko PSE-EE alderdiak gaur, ostirala, aurkeztu ditu udal hauteskundeetarako hautagaiak. Gloria Vazquez izango da PSE-EEk aurkeztuko duen alkategaia. Vazquez Zarauzko Udalean zinegotzia da egun; hain zuzen, Parekidetasun, Ingurumen eta Gizarte Zerbitzuen sailen ardura du, eta baita Agenda 21 proiektuarena ere. Patxi Elola zinegotzia da alderdiak osatu duen zerrendan bigarrena, eta hirugarrena, aldiz, Miren Edurne Domingorena.
Vazquezek gaurko agerraldian azaldu duenez, PSE-EEren hautagaien zerrenda "anitza" da: "Pertsona desberdinez osatuta dago. Hautagai bakoitza, bere arlotik, onena emateko prest dago". Alkategaiak azpimarratu du "emakume baino gizon gehiago" direla zerrendan, guztira 11 emakumezkok eta 10 gizonezkok osatu baitute hautagaitza.
"Gehienak pertsona helduak izan arren, adinekoek eta gazteek ere osatu dute gure taldea", gehitu du Vazquezek. Batzuk politikan "esperientzia handia" dutela eta beste batzuk "berriak" direla adierazi du; gehienak alderdiko afiliatuak izan arren, badira independenteak ere, hala nola, Maria Aranzazu Zubizarreta, Beñat Moran edota Jose Antonio Legorburu.
Hamaika arlo gurutzatuz
Gaurko aurkezpenean hautagai bakoitzaren zenbait berezitasun azpimarratu ditu Vazquez zerrendaburuak. Hala, besteak beste, aipatu du Pablo Garcia PSE-EEren zinegotzia izan zela berekin batera, eta egun, Eusko Jaurlaritzako etxebizitza zuzendari gisa aritzen dela; edota irakasleak badirela zerrendan, esate baterako, Gloria Vazquez bera, Maria Aranzazu Zubizarreta historia irakaslea eta Jose Antonio Legorburu Monte Albertiako irakaslea. Joselin Gomez eta Laura Elisabeth Lunak geriatria arloan jarduten dutela azaldu du, eta Caritas eta bestelako elkarteetan borondate lanak egiten dituztela zenbait hautagaiek, hala nola, Maria Elena Cancerrek eta Maria Aranzazu Araukuak. Beñat Moran, Vazquezen semea, ikaslea da egun, eta kirol munduan murgilduta dago. Patxi Elola lorezainak Zarauzko udaletxean egin duen 20 urteko ibilbidea ere nabarmendu du alkategaiak: "Balore sozialistak defendatzeko gogo berdinarekin jarraitzen du", gaineratu du. Alberto Agirrezabal Mario Onandia Fundazioko zuzendaria ere hautagaia da, eta baita Alma Maria Fernandez, Miren Edurne Domingorena eta Gorka Landaburu kazetariak ere.
"Zarauzko Udala gobernatzeko talde onena" PSE-EEk aurkeztutakoa dela iritzi du Vazquezek. "Gobernu ezkertiarra osatzeko asmoa" agertu du: "Horrek esan nahi duen guztiarekin; aurrerakoia, ekologista, feminista, justizia soziala bilatzen duena, inor kanpoan utzi gabe". Helburua "zarauztar guztien eskubideak defendatzea" izango dela dio zerrendaburuak, "nondik datorren edota zein hizkuntza hitz egiten duen begiratu gabe, inor baztertuta ez sentitzeko". "Hemen den-denak sartzen gara", gehitu du.
Hona hemen Zarauzko PSE-EE alderdiak udal hauteskundeetarako aurkeztu duen hautagaien zerrenda osorik:
- Gloria Vazquez Herranz
- Patxi Elola Azpeitia
- Miren Edurne Domingorena Zapirain
- Pablo Garcia Astrain
- Maria Aranzazu Zubizarreta Salcedo (independentea)
- Joselin Gomez Jimenez
- Maria Elena Cancer Rabinal
- Beñat Moran Vazquez (independentea)
- Ana Maria Azkue Aldabaldetreku
- Jose Antonio Legorburu Zulaika (independentea)
- Laura Elisabeth Luna Lopez (independentea)
- Alfredo Rioja Zubeldia (independentea)
- Alma Maria Fernandez Alonso
- Ramon Davila Trejo
- Maria Lourdes Agirrezabala Mundiñano
- Florencio Hernandez Montero
- Alicia Fernandez Perez (independentea)
- Inmaculada Balsera Cabello
- Alberto Agirrezabal Etxabe
- Maria Aranzazu Araukua Goiriena (independentea)
- Gorka Landaburu Illarramendi