Zarauzko Argazkizale Elkartearen eskutik, igande honetan, maiatzak 5, egingo dute XXVIII. Argazki Rallya, Fernando Maiztegiren oroimenean. Parte hartzaileak, kamera eskuetan, antolatzaileek zehaztutako gaien araberako argazkiak ateratzen arituko dira herritik. Igandean jakinaraziko dituzte aurtengo gaiak, rallya hasi aurretik.
ZAEko kideek azaldu dutenez, partaideen memoria txartelek hutsik egon beharko dute saioa hasi aurretik, eta nahi beste argazki ateratzeko aukera izango dute. 13:00etatik 14:00etara bitartean, elkartearen egoitzara (Ebro Etxea) bertaratu, eta gehienez, goizean ateratako 36 irudi aurkeztu beharko dituzte, lehen kontrolekoa barne. Jarraian, antolatzaileek PC batean deskargatuko dituzte guztiak.
Bost sari
- 1. saria: 160 euro eta Andra Mari Erregina garaikurra
- 2. saria: 130 euro eta garaikurra
- 3. saria: 100 euro eta garaikurra
- Rallyko argazki ederrena: 80 euro
- 16 urtez azpiko lehen sailkatua: garaikurra