Etxe Txikiaren erabilera Eusko Jaurlaritzari utzi dio Foru Aldundiak

Dorleta Agiriano Lai 2019ko apirilaren 30a

Monte Albertiako Igerain egoitzaren parte da Etxe Txikia eraikina. (Amaia Urbieta Arruti)

2011tik 2017ra Zarauzko Udalari laga zioten Etxe Txikiaren erabilera, Neguetxe modura baliatzeko eta gauez pertsona etxegabeei aterpea emateko. Egunez, aldiz, Monte Albertiako ikasleek erabiltzen dute bertako jantokia. Hemendik aurrera, Eusko Jaurlaritzaren esku egongo da, Lanbide Heziketako Monte Albertia zentroaren "instalazioak handitzeko". Zarauzko Udalak ez du Neguetxea beste toki batean martxan jarri.

Gaur, apirilak 30, Zarauzko Etxe Txikia eraikinaren erabilera Eusko Jaurlaritzari uztea onetsi du Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak, Denis Itxaso PSE-EEko diputatuaren proposamenez. 2011tik 2017ra Zarauzko Udalari laga zioten haren erabilera, "behin-behinekoz". Datozen bost urteetan gutxienez, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren esku egongo da eraikina, eta Lanbide Heziketako Monte Albertia zentroaren "instalazioak handitzeko" baliatuko dute.

Monte Albertiako Igerain egoitzaren parte da Etxe Txikia. 2011tik 2017ra Zarauzko Udalak Neguetxe modura erabili du neguan, pertsona etxegabeei gauez aterpea emateko, eta egunez, Monte Albertia zentroko ikasleek erabili dute jantokia, otorduak egiteko. Udan, aldiz, haurrentzako udalekuak eta bestelako jarduerak egin dituzte bertan.

Urtarrilean jakinarazi zuen Gloria Vazquezek aurtengo neguan ez zutela Neguetxea martxan jarri Etxe Txikian. Zarauzko Gizarte Zerbitzuetako arduradunaren esanetan, "lekua ez da aproposa" erabilera hori emateko, batez ere, "espazioa oso mugatua" delako eta "erabilera anitzekoa" izan delako. Dena den, Zarauzko Udalak ez du Neguetxea beste toki batean kokatu; Vazquezen arabera, oraindik ez dutelako "leku aproposik aurkitu".

Etxe Txikia "xede bakar baterako"

Aldundiak adierazi duenez, lagapenerako hartu berri duten erabakiarekin, "Etxe Txikia izeneko eraikina xede bakar baterako lagatzen da, hain zuzen ere, Monte Albertia Lanbide Heziketako Zentro Integratuak berezko dituen jardueretarako". "Zentroaren instalazioak handitzeko" baliatuko dute eraikina, "Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak egindako eskaerari" erantzunez.

Hautua eraikinaren erabilerara mugatzen dela azaldu du Aldundiak, eta hortaz, jabetza eskubideak bere esku jarraitzen du. Lagapen epea bost urtekoa izango da, baina ez dute luzatzeko aukera baztertu. Igerain aterpetxearen ondoan dago Etxe Txikia, baina aldundiaren arabera, "erabilerari dagokionez", "ekipamendu independente bat da".

Igerain, Eraztun Berde Urdinaren parte

Bestalde, Denis Itxasok eta Gloria Vazquezek apirila hasieran jakinarazi zutenez, Igerain aterpetxearen atzealdean dagoen eremu bat utziko dio Aldundiak udalari, Eraztun Berde Urdinaren ibilbidea osatzeko. Vazquezen esanetan, EBUren helburuak "ingurumenari lotutakoak dira, eta horrez gain, turismoarekin edo kirolarekin lotutako hainbat proiektutarako baliagarria izan daiteke".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide