Asteazken honetan, maiatzak 1, izango da 5 Kirol txapelketako finala, Bilboko Bizkaia Frontoian. Basque Sportsek aurten antolatu du norgehiagoka aurrenekoz, eta asteazkenean argituko da zein bikotek estreinatuko duen garaipenen zerrenda. 12:00etan emango diote hasiera finalari, eta bertan izango dira Jokin Eizmendi harri-jasotzaile zarauztarra eta Xabier Orbegozo Arria V.a errezildarra. Aitzol Atutxa Atutxa II.arekin eta Inhar Urruzunorekin neurtuko dituzte indarrak. Eizmendik eta Orbegozok Marubi-Jataben jokatutako proban lortu zuten finalerako sailkatzea, Mikel Larrañaga azpeitiarra eta Xabier Peñagarikano aizarnazabaldarra azpiratuta.
Bost erronka
Asteazkeneko finalean, orain arteko probetan bezala, bost erronka gainditu beharko ditu bikote bakoitzak:
- 100 kiloko kopa 100 aldiz jaso beharko dute harri-jasotzaileek.
- 45 ontzako 12 enbor moztu beharko dituzte aizkolariek.
- Esku bakoitzean 50 kiloko txingak hartuta, 12 plaza osatu beharko dituzte, txanda librean.
- 18 kiloko ingudea 150 aldiz jaso beharko dute, txanda librean.
- 45 ontzako enborrari 10 mozketa egin beharko dizkiote trontzarekin, biek batera.
Antolatzaileen arabera, "duela hilabete bat, finalistek ez zuten 5 Kirol lehiaketa ezagutzen, baina [...] bi finalerdiak pasatu ondoren, lehiaketaren gogortasuna egiaztatu dute eta horri aurre egiteko estrategia diseinatu ahal izan dute".
Finalaz gain, emakumeen kirolari ere tartea eskainiko diote asteazkenean. 2006. urteko uztailean Xanta Sousak lortu zuen marka hausten saiatuko dira Garazi Arruti eta Nerea Egurrola. Sousak 55 plaza osatu zituen, esku bakoitzean 25 kiloko txingak hartuta. Marka hori lortu zuenean, bigarren postua eskuratu zuen Arrutik.
Salgai daude sarrerak
Basque Sportsek jakinarazi duenez, finalerako sarrerak salgai daude dagoeneko, basquesports.eus webgunean edota Mailluki tabernan (Maruri-Jatabe), Alboka tabernan (Gatika), Gatikako Nagusien Etxean eta Aurregoiti jatetxean (Loiu). Bestalde, asteazkenean bertan ere izango da sarrerak erosteko aukera, Bizkaia Frontoiko lehiatilan.
Hamasei urtetik beherako gazteek (hamasei urtekoak barne) doan sartzeko aukera izango dute, baina aldez aurretik erreserbatu beharko dute sarrera, basquesports.eus webgunean. Bestalde, beherapenak izango dira herri kiroletan federatuta daudenentzat eta hamar pertsona baino gehiagoko taldeentzat.