Gaur, apirilak 28, Espainiako estatuko hauteskunde orokor eguna da. Kongresuko diputatuak eta Senaturako senatariak aukeratuko dituzte, eta Zarautzen, 18.746 herritar daude deituta botoa ematera.
14:00ak arte, 8.564 zarauztar bertaratu dira hautetsontzietara bozkatzera. Hala, momentuz, %47,21ekoa izan da parte hartzea Zarautzen. Azkenengo hauteskundetan, 2016. urteko ekainean, %35,21ekoa izan zen parte hartzea ordu horretan. Beraz, 12 puntu igo da.
Urola Kostako herri guztietan igo da parte hartzea, 14:00ak arteko datuek azaltzen dutenez. Eskualdeko herritarren %43,25ek eman du botoa dagoeneko; 2016an, aldiz, %33,33koa izan zen parte hartzea ordu horretan.
EAEn, 14:00ak arte, %41,75ekoa izan da parte hartzea; Nafarroan, aldiz, %43,79koa. Beraz, 5 puntuko igoera izan da Hego Euskal Herrian. Espainiako Gobernuaren arabera, 2016ko hauteskunde orokorretako datuekin alderatuta, momentuz 4,6 puntu igo da parte hartzea Espainiako estatu osoan: 14:00ak arte, %41,49koa izan da. Erkidego guztietan egin du gora botoa eman dutenen kopuruak.