Ongizate fisikoa eta emozionala lantzeko tailer berriak antolatu dituzte

Zarauzko hitza 2019ko apirilaren 27a

Parte hartzaileko interesa dutenek maiatzaren 6a baino lehen eman beharko dute izena prebentzioa@zarautz.eus helbidera idatzita

Zarauzko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako Prebentzio arloak ongizate fisikoa eta emozionala lantzeko tailer berriak antolatu ditu. Horrekin batera, Zarauzko Osasun Zentroarekin elkarlanean hitzaldi bat eskainiko du. Miren Letamendia Osasun eta Prebentzio zinegotziak tailer hauek eskaintzearen helburu nagusia osasuna sustatzea dela gogorarazi du: "Osasunaren sustapena ikuspegi zabalean ulertzen dugu Prebentzio sailetik. Osasunaz hitz egiten dugunean osasun fisikoari eta emozionalari buruz ari gara".

Tailer hauen bidez zarauztarrei "ezagutza, trebetasunak, gaitasunak, baliabideak eta tresnak" eskaini nahi dizkiela ere azaldu du zinegotziak, "egoera emozionalak hobetzeko".

Hiru tailer berri

Datozen hilabeteetan hiru tailer berri eskainiko dituzte. Lehena, Haurdun taldea izango da. Hala azaldu du tailerraren izaera Letamendiak: "Ume bat edukitzea aldaketa handia da emakumearen eta bere bikotekidearen bizitzan; haurdunaldi, erditze, erdiondo eta hazierak, beldur eta zalantza asko sortzen ditu. Ikastaro honen helburu nagusia prozesu honetan haurdunen eta bere bikoteen (baldin badute) bidelagun izatea da". Ikastaroa sei saiotan banatu dute: haurdunaldia, erditzea, erdi-mina, umearen jaiotza, erditze-plana eta erdiondoa. Saio guztietan erditzera begira, arlo psikologikoa eta gorputza landuko dituzte. Estitxu Fernandez Maritxalarrek eskainiko du tailerra, euskaraz, Zuberoa kaleko 22. zenbakian dagoen ikastaro gelan. Saioak ondoko egunetan izango dira: maiatzak 8, 22 eta 29 eta ekainak 5, 12 eta 19, 10:00etatik 12:00etara. Matrikula 15 eurokoa izango da, 8-10 pertsona bitarteko taldeak izango dira.

Bigarren tailerra 0-1 urte bitarteko umeen guraso taldea izango da. "Tailer honetan urtebete arteko umeak dituzten gurasoek beren umeekin parte hartzeko aukera izango dute. Gurasoei aldaketa prozesu honetan, arreta, babesa eta orientazioa eskainiko zaie. Haurren garapenari buruzko informazioa jasotzeaz gain egunerokoan haurrekin sortzen diren egoerak landuko dituzte", azaldu du zinegotziak. Ikastaro honetan, Julene Armendariz Ezeiza izango da irakaslea eta euskaraz izango da, maiatzaren 8, 15, 22 eta 29 eta ekainaren 5 eta 12an, 17:45etik 19:45era. Tailer hau ere Zuberoa kaleko ikasgelan izango da, 8-10 laguneko taldeetan. Matrikularen prezioa 15 eurokoa izango da.

Antolatutako hirugarren ikastaroa Komunikazio ez bortitza-errespetuzko komunikazioa da. Hala deskribatu du Letamendiak: "Sarritan esan nahi duguna modu kaltegarrian esaten dugu, honek ondoeza eta errudun sentimendua ekartzen dizkigu, gurekin eta besteekin. Beraz, tailer honen helburua komunikaziorako beste eredu batzuk ezagutzea da". Marshall Roseberg-ek garatu zuen Komunikazio Ez Bortitzaren ereduan oinarrituko da ikastaroa, "modu erraz, zehatz, praktiko eta eraginkorrean". Nerea Mendizabalek eskainiko du, euskaraz, maiatzaren 9 eta 14an, 15:30etik 19:30era. Tailerra malekoiko ikastaro gelan izango da.

Parte hartzeko interesa duten herritarrek maiatzaren 6a baino lehen mezu bat bidali beharko dute prebentzioa@zaruatz.eus helbide elektronikora. Plazak mugatuak direnez, zozketa egingo dute izena eman dutenen artean eta Zarautzen bizi direnek izango dute lehentasuna. Era berean, ikastaroa egiteko gutxieneko pertsona kopuru batek egon beharko du izena emanda, eta, hala ez balitz, bertan behera geratuko litzateke. Informazio gehiago eskuratzeko 943-00 51 27 telefono zenbakira deitu daiteke.

Hitzaldia Osasun Zentroarekin elkarlanean

Tailerrez gain, udalak eta Osasun Zentroak elkarlanean antolatutako hitzaldia izango da maiatzaren 7an: Norbere burua zaintzen ikasi. Zauriak, erredurak, kolpeak, ziztadak, hozkadak eta botikina. Henar Lobo eta Libe Aizpurua erizainak izango dira hizlariak eta 10:00etatik 12:00etara gaztelaniaz eskainiko dute eta 17:30etik 19:30era, euskaraz. Hitzaldia Etxezabalan izango da. Bertaratzeko izena eman beharko da, Osasun Zentrora deituta: 943-00 79 99

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide