Larunbatean egingo den Getariako triatloiak aldaketak eragingo ditu errepidean

Zarauzko hitza 2019ko apirilaren 25a

Kostako N-634 errepidean eragingo ditu aldaketa nagusiak larunbateko kirol probak.

Getariako 5. Triatloia jokatuko dute larunbat arratsaldean. 400 kirolari izango dira Malkorbetik aterata igerian, ondoren Garate gainetik bizikletan, eta Getarian zehar lasterka. Proba zuzenean Zarauztik igaroko ez den arren, N-634 errepidean aldaketak eragingo ditu.

Zarauztik Zumaiara arteko bidea egiteko AP8 autobidea erabiltzea gomendatu dute antolatzaileek, Getarian trafiko pilaketak ekiditeko.Zarauztik Zumaiara joateko N-634 errepidea zabalik egongo da, baina arretaz eta kontu handiz gidatzeko eskatu dute.

Zumaiatik Zarautzerako noranzkoan, berriz, itxita egongo da N-634 errepidea 16:15etik 17:30era. Getaria eta Zarautzen arteko tartea, berriz, zabalik egongo da bi noranzkoetan, baina Getariako sarreran arretaz gidatzeko eskatu dute.

Amaitzeko, jakinarazi dute autobus zerbitzuak ohiko ibilbidea eta ordutegia mantenduko duela.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide