Hainbat eragilerekin bildu da EH Bildu udal programa osatzeko prozesu parte hartzailearen barruan

Zarauzko Hitza 2019ko apirilaren 25a

Itziar Murua alkategaia eta hauteskundeetarako zerrendako beste hainbat kide guztira herriko 40 eragilerekin bildu dira azken asteetan.

Zarauzko talde eta eragileekin abiatutako prozesu parte hartzailearen lehen fasea bukatu berri du EH Bilduk. Udal hauteskundeetarako zerrendako kideek, Itziar Murua Uria alkategaia buru dutela, zortzi bilera egin dituzte, guztira, herriko 80 eragile eta norbanakorekin.

Bileren ostean, prozesua "positiboa" izaten ari dela uste du koalizioak. "Informazio asko bildu dugu bileretan eta mahai gainean ditugun auziez herritarren zein iritzi eta kezka dituzten entzun dugu zuzenean", adierazi du Itziar Murua alkategaiak. "Proposamen guztiak bere horretan gauzatzea posible izango ez bada ere guztiak hartuko ditugu haintzat".

Zortzi arlo desberdin landu dituzte aipatu zortzi bileretan. Bilera bakoitzean eragile multzo batekin bildu dira, beraz. Parekidetasunari buruzkoan, Bilgune Feministako, Udaleko Berdintasun Kontseiluko eta Oneka emakumezko pentsiodunen elkarteko ordezkariek hartu zuten parte; Hirugarren adinari buruzkoan, Zarauzko Pentsiodunen Plataformako eta Udaleko Hirugarren Adineko Mahaiko kideek; gazteei buruzkoan, Danda, Putzuzulo, Ernai eta Gazte Abertzaleetako ordezkariak izan ziren; auzoei buruzkoan, Vista Alegre, Itxas Mendi, Mitxelena, Azken Portu Goia eta Elkanoko auzo elkarteak; ingurumenari buruz aritzeko, Arkamurka elkarteko kideekin egin zuten bilkura; kirolari buruzkoan, Zarautz Kirol Elkartea, Arraun Elkartea, Triatloi Elkartea, plaieroetako antolatzaileak, Antoniano Kirol Elkartea, Eskola Kirolaren Aldeko Elkartea, Bol and Tok eta Jentil Baratza taldeetako kideek hartu zuten parte; kultura eta euskarari buruzkoan, AEK, Euskaraldia, Literaturia eta Ikaslaguneko ordezkariez gain, hainbat sortzailek hartu zuen parte; ekonomia eta enpleguari buruzko bileran, hainbat enpresari txikie ta ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariekin bildu ziren.

Prozesuaren helburua "zarauztarrei hitza ematea" izan dela azaldu du Itziar Muruak, "herritarrek kudeaketaren parte izan behar dutela" uste baitu. "Herritarrak dira Zarautzen motorra", gehitu du. Alkategaiak adierazi du eragileek asko eskertu dietela beraiengana gerturatu izana, eta Muruak berak eskerrak eman nahi izan dizkie bueltan, beraien iritziak partekatzeagatik.

Lehen fase honetan egindako zortzi bileren ondoren, beste hainbat arlori buruzko elkarrizketa eta bisitak egiteko asmoa du EH Bilduk, besteak beste aritzeko hezkuntzaz, bizikidetzaz, turismoaz, merkataritza eta ostalaritzaz, migrazioaz eta aniztasunaz, "arlo hauetan zeresana duten zarauztarrekin".

Amaitzeko, gogorarazi dute zarauztarrek aukera dutela beraien ekarpenak egiteko EH Bildu koalizioari, zarautz@ehbildu.eus helbidean.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide