Martxan da aurten ere Argazki Bilera

Zarauzko Hitza 2019ko apirilaren 23a

Photomuseumek antolatuta, beste urtebetez hainbat argazki erakusketa egongo dira ikusgai aldi berean, herriko erakustoki ezberdinetan.

Pasa den asteazkenerako prest zituzten dagoeneko erakusketa guztiak, eta ikusgai egongo dira datozen asteetan, ondorengo erakustokietan: Photomuseumen, Sanz Enean, Torre Luzean eta Zazpi galerian.

Erakusketa bakoitzean argazkilaritza genero bat landuko dute, "argazkigintzak eskaintzen dituen aukera zabalak" ikusleei hurbiltzeko asmoarekin. Antolatzaileek eskerrak eman dizkiete erakustokiak uzteko prest azaldu diren eragileei.

Photomuseumen, Cano Erhardten Naturako mirariak lana egongo da ikusgai ekainaren 2ra arte. Proiektua "naturaren edertasunari buruzko laudorioa" da, baita "bere esentziaren galerei" egindako erreferentzia ere. Bertan salatu nahi da nola natura "kontsumo objetu" bihurtu duen gizarteak. Erakusketa zabalik egongo da asteartetik igandera, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.

Zazpi galerian, Pedro Zarrabeitiaren Oroituz lana egongo da, maiatzaren 12ra arte. Zarrabeitia argazkilariari egindako "omenaldia" da erakusketa, eta bere "ibilbide aberatsari" egindako aitortza. Erakusketa zabalik egongo da igande eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara eta18:00etatik 20:00etara. Lanegunetan, 18:00etatik 20:00etara.

Sanz Enean, berriz, Reuseko Argazkilari Elkarteko Ondarea berreskuratzen lana ikusteko aukera izango da. Argazkilari amateurrek 1961ean sortutako taldea da Reusekoa. Kataluniako antzinako argazkilarien lana berreskuratzeko helburuarekin eman zituzten lehen urratsak, eta beren lanaren zatitxo bat erakusten du Ondarea berreskuratzen erakusketak. Egunero egongo da zabalik erakustokia, 18:00etatik 20:00etara.

Laugarren erakusketa Torre Luzean egongo da, maiatzaren 26ra arte. Bertan, Kodak marka ezagunaren iragarkiak ikusteko aukera izango da. Bere eslogan ezagunak, argazkilaritza produktuak eta saltzen zuten "bizimodua" ikus daiteke 1892tik 1928ra bitarteko iragarkietan. Berezitasun moduan, Kodakek egindako iragarkiak emakumeei zuzenduta zeuden, "beraiek zirelako familiako memoria gordetzen zutenak". Erakusketa hau zabalik egongo da egunero, 18:00etatik 20:00etara.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide