DYAko irakaskuntza eskolak lehen sorospenen ikastaroa eskainiko du Zarautzen maiatzean zehar. Maiatzaren 4an, berriz, familientzat prestatutako bihotz-biriken suspertze tailerra emango du. Klaseak DYAren egoitzan izango dira (Iturribidea, 12-14).
Lehen Sorospenen ikastaroak hiru asteko iraupena izango du, maiatzaren 2tik 22ra. Astelehenetik ostiralera, 19:00etatik 21:00etara izango dira saioak. Azaldu dutenez, ikastaroaren helburua da lantzea nola aurre egin behar zaien "egunerokoan topa daitezkeen arrisku nagusienei". Bihotz-biriken susperketa, zauriak, hausturak, erredurak eta abar landuko dira bertan. Hala nahi duten ikasleek Sorospen Titulua eskura dezakete kurtso amaieran egiteko aukera izango den kalifikazio proba gaindituta. Ikastaro honen matrikularen kostua 110 eurokoa da.
Sorospena familian
Bigarren ikastaroaren ardatza bihotz-biriketako suspertzea izango da, baina kasu honetan, familian egiteko tailerra izango da. Bi orduko saio batean eskainiko da ikastaroa, maiatzaren 4an, 17:00etatik 19:00etara. Pertsona heldu bat eta gehienez ere 6 urtetik gorako hiru umek eman dezakete izena. "Modu erraz eta praktiko batean", bihotz-geldialdi bat identifikatzen eta horren aurrean izan beharreko portaera ikasiko dituzte bertan. Tailerraren kostua 8 eurokoa izango da helduentzat, eta 17 urtetik beherakoentzat, doakoa.
Bi ikastaroetan lekuak mugatuak dira, eta izena eman edo informazio gehiago jaso daiteke 943-46 46 22 telefono zenbakira deituta edo www.dyagipuzkoa.com webgunean sartuta.