Iñarritu: "Gu fidatzekoak gara, esaten duguna egiten dugu"

Zarauzko Hitza 2019ko apirilaren 20a

EH Bildu koalizioak ekitaldi politikoa egin du gaur eguerdian malekoian. Jasone Agirre legebiltzarkideak eta Jon Iñarritu senatariak eta Espainiako Kongresurako hautagaiak hartu dute hitza, koalizioko hainbat kidek babestuta.

Ane Arruti EH Bilduko Zarauzko zinegotziak egin ditu aurkezle lanak gaur eguerdian EH Bilduk malekoian egin duen ekitaldi politikoan. Apirilaren 28an Espainiako Kongresurako eta Senaturako hauteskundeak ospatuko dira, eta botoa EH Bilduri emateko eskatu diete herritarrei.

Ekitaldian egon dira udaleko hainbat zinegotzi eta Itziar Murua alkategaia; Juan Karlos Izagirre diputatu nagusirako hautagaia eta Donostiako alkate ohia; Marian Beitialarrangoitia Espainiako Kongresuko diputatua; nahiz Iñaki Errazkin Ingurumen diputatu ohia eta Ainhoa Intxarraundieta GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko presidente ohia, besteak beste.

Jon Iñarritu izan da hitza hartzen lehena. Espainiako senataria da gaur egun, eta Kongresurako hautagaia da apirilaren 28an. Egunotan Genevan EH Bilduk eta ERCk sinatutako hitzarmena goraipatu du, eta esan du bi indar horien batzea ez duela gustuko Espainiako eskuinak, "apirilaren 28tik aurrera ezkerreko subiranistak gehiago, erabakigarriago eta eraginkorragoak izango garelako euskal gizarte osoaren beharrei erantzuteko eta nazio hobe bat eraikitzeko".

Gaineratu du, akordio hori Suitzan egin behar izateak erakusten duela zeinen demokrazia gutxi dagoen Espainian, eta burujabetzaren aldeko hitzak egin ditu. 

"Gure esku badago, eskuinak ez du gobernatuko Madrilen, eta doan emango dugu gure botoa, gainera", esan du, EH Bilduko ordezkariek askotan esan dutena gogoraraziz. "Gu fidatzekoak gara, esaten duguna egiten dugu", azpimarratu du Iñarrituk. "Azken urteetan kudeatu ditugu udalak, aldundia, hainbat erakunde, eta ez da korrupzio kasu bakar bat egon".

Jasone Agirrek, berriz, EH Bilduren barruan emakumeek duten indarra eta presentzia azpimarratu ditu.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide