Torre Luzea parkean eman zuen atzo prentsaurrekoa Ahal Dugu Equo-Berdeak Zarautz koalizioak. Ana de Benito izango da alkategaia. Independente gisa aurkeztuko da, eta zerrendan berarekin aurkeztuko diren beste lau kideren izenak jakinarazi zituen: Oihane Delgado, Angel Maria Garcia, Ana Garcia eta Ieltxu Caballero.
Gaur egun Ana de Benito eta Oihane Delgado dira zinegotzi Zarauzko Udalean, Irabazi Zarautz koalizioarekin (Podemos-Ahal Dugu, Ezker Anitza eta Equo). Orain, ordea, Ahal Dugu Equo-Berdeak Zarautz koalizioa osatu dute, Ezker Anitza koaliziotik kanpo gelditu delako.
Bide berri baten hasiera
Zarauzko Udalean lau urtean egindako lana "aberasgarria" izan dela esan zuen Delgadok prentsaurrekoaren hasieran. "Pribilegio handia izan da Irabazi Zarautzen eskutik lan egitea". Oraindik egiteko lan asko dagoela iritzi zion, eta azaldu zuen horretarako prest daudela, baina oraingoan bide berri bati ekin diotela, Podemos Equo-Berdeak taldearen eskutik.
De Benitok, berriz, azpimarratu zuen lau urte geroago "ezkerreko proiektu feministan eta ekologistan" sinesten jarraitzen dutela.
Alkategaiak esan zuen beraien proiektua "herriaren eta herritarren errealitatea kontuan hartzen duen proiektua" dela, eta "gardentasun eta partaidetza mekanismoak ezartzeko lanean jarraitzeko asmoa" dutela. Gizarte anitza, kohesionatua, integratzailea eta parte hartzailea lortu nahi dutela ere esan zuen.
Ingurumena ere ibili zuen ahotan: "Klima aldaketari aurre egiteko inoiz baino beharrezkoagoak dira udal politikak energia trantsizioa sustatzeko eta azpiegitura berdearen nahiz biodibertsitatearen bidez egokitzeko. Globaletik tokikora igarotzeko garaia da".
Etxebizitzaz ere mintzatu zen. "Etxebizitza eskubidea bermatu nahi dugu", esan zuen. "Gazteek Zarauztik alde egin beharra dute, etxeen prezio altuagatik. Guk ez dugu Zarautz lotarako herria izaterik nahi, ezta turistentzat bakarrik ere".
Herritarren ekarpenak jasoko dituzte
De Benitoren arabera, "proiektu honek protagonista izateko aukera ematen die herritarrei, eta gaur egungo gobernuari erantzun zuzena ematen dio".
Udal hauteskunde programa lantzen ari da koalizioa, eta hasi dira "herritarren ideia, kezka eta proposamenak" jasotzen ere. Ekarpenak egin nahi dituenak Ahal Dugu Equo-Berdeak Zarautzen Facebook nahiz Twitter kontuaren bitartez egin ditzake, edo korreo elektronikoz (ahalduguequozarautz@gmail.com).