Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundu ditu agintaldi honetan Zarauzko Udalak abiatutako hainbat proiektu, hala nola, Errotaberri industrialdeko, Aldapetako, Lizardi ondoko kirol pabiloiko edo Azken Portuko igogailuko lanak. Xabier Txurruka Zarauzko alkatearen esanetan, "ezinezkoa izango litzateke lan horiek guztiak aurrera eramatea instituzioen arteko elkarlana bultzatu izan ez bagenu". "Funtsezkoa da babes hori, eta gainera, elkarlana emankorra izan da", gaineratu du.
Hala, Zarauzko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak "elkarlanean" martxan jarri dituzten proiektuak ikusteko, "erakunde bisita" egin du gaur, osteguna, Markel Olano Gipuzkoako Diputatu Nagusiak. Bestalde, arratsaldean Errotaberriko enpresekin bilduko dira udaleko eta aldundiko ordezkariak. "Funtsezkoa da ekonomia eta industria sustatzea", adierazi du Txurrukak.
Olanoren arabera, udalak eta aldundiak hainbat proiektu ditu esku artean Zarautzen, baina elkarren arteko "koherentzia" badela iritzi du: "Proiektu horiek badute oinarri komuna, hain zuzen, kudeaketa zorrotza. Azken lau urteetan EAJ-PNVk kudeaketa zorrotza bultzatu du ardura duen guneetan, udaletan zein aldundian, eta horrek emaitzak ekarri ditu". Emaitza horiek martxan jarritako proiektuetan islatu dituztela uste du Olanok. Proiektu horiek "bi izaera" barnebiltzen dituztela nabarmendu du Diputatu Nagusiak: "ekonomikoa" alde batetik, eta "soziala" bestetik.