Aner Peritz, Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finalera

Zarauzko Hitza 2019ko apirilaren 6a

Aner Peritz eta Uxue Alkorta, atzoko saioaren amaieran (Bertsozale Elkartea)

Ostiral iluntzean Lasturren jokatu da Gipuzkoako finala, eta Peritz bigarren gelditu da. Txapela Aitor Tatiegik jantzi du. Hala ere, Euskal Herriko finala jokatuko du zarauztarrak. Uxue Alkorta zarauztarrak ere abestu du finalean.

Bi zarauztarrek jokatu zuten atzo iluntzean Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa: Aner Peritzek eta Uxue Alkortak. Afaria egin zuten Lasturren, eta ondoren lehiatu ziren bertsolari gazteak.

Peritzek emaitza hobea lortu zuen Alkortak baino, baina txapelak ihes egin zion, eta Aitor Tatiegik jantzi zuen. Hala ere, txartela lortu du Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finalean kantatzeko. Saran izango da saio hori, ekainaren 8an.

Afari formatuko lau saio

Guztira, lau kanporaketa egin dituzte afari formatuko saioetan –Ibarran, Zestoan, Orion eta Oñatin–, eta finala atzo, apirilak 5, izan zen Lasturren. Lau kanporaketetatik bina bertsolarik eskuratu dute finalerako txartela, eta horiek osatu dute finaleko zortzikotea. 

Aurtengo bat-bateko lehian 23 bertsolarik parte hartu dute, eta horietatik 11 bertsolari izan dira eskualdekoak: Aner Peritz, Uxue Alkorta, Aimar Sorazu, Joane Aldalur eta Jon Azpiroz zarauztarrak; Irati Arakistain eta Joar Garate zumaiarrak; Imanol Albizu eta Iker Letamendia azpeitiarrak; eta Julene Iturbe eta Naia Arrizabalaga azkoitiarrak.

Iaz Imanol Albizu eta Oihana Labiano azpeitiarrak eta Aner Peritz eta Uxue Alkorta zarauztarrak aritu ziren bertsotan eskolarteko finalean. Aner Peritz bigarren sailkatu zen, eta beste hiru bertsolariak “gustura” gelditu ziren finalean egindako lanarekin.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide