Herritarren 100 proposamen jaso ditu Zarauzko EAJk

Zarauzko Hitza 2019ko apirilaren 4a

Alderdiko kide desberdinek parte hartu dute Zarautz-Ekin dinamikan. (EAJ-PNV Zarautz)

EAJ-PNVk urtarrilean jarri zuen martxan Zarautz-Ekin "parte hartze dinamika", eta herriko talde eta eragile desberdinekin elkartu dira alderdiko kideak. Guztira, 100 "proposamen, ideia eta aholku" bildu dituztela adierazi dute. "Hamar konpromiso kolektibo" aurkeztuko dituzte laster.

Zarauzko EAJ-PNVk urtarrilean abiatu zuen Zarautz-Ekin "parte hartze dinamika". Herriko talde eta eragile desberdinekin elkartu dira ordutik, eta guztira, zortzi saio egin dituzte; Azken Portun, Itxasmendin, Mendilautan, Iñurritzan, Santa Klaran, Vista Alegren, Zelai Ondon eta Alde Zaharrean. Herritarren 100 "proposamen, ideia eta aholku" bildu dituzte prozesu horretan.

Xabier Txurruka EAJ-PNVren Zarauzko alkategaiak dinamikaren balorazio "oso positiboa" egin du: "Ideologia oso desberdina duten baina Zarauzko bizi kalitatea hobetzeko aurrera egiteko gogoarekin bat datozen zarauztar askoren iritzia ezagutzeko aukera eskaini digu".

Laburbilduz, jasotako ekarpenetatik abiatuta, Zarauzko Udalaren kudeaketarako "bi lehentasun" identifikatu dituzte EAJ-PNVko kideek: "Jarduera ekonomikoa babestea eta bultzatzea, eta kalteberak diren pertsonak laguntzeko beharrezko arreta eta estaldura mantentzea. Hitz batean esanda, Zarautzen garapenean aurrerapausoak eman bi arlo horiek zainduz, ekonomikoa eta soziala, ez baita posible bata bestea gabe".

Ondorio nagusi horiekin, Txurrukak amaitutzat eman du Zarautz-Ekin dinamika. Alderdiak iragarri duenez, "Zarautzen hamar konpromiso kolektibo" aurkeztuko dituzte aurki, hauteskundeetarako programan zehaztuko dituztenak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide