Proposamen "berritzaile" bat jarri du Kilometroetako lantaldeak mahai gainean. Zarauzko eta inguruetako mendi ibilbideekin webgune bat osatu dute, eta dagoeneko erabilgarri dago.
Nerea Altxu Kilometroetako koordinatzaileak eta Txomin Aizpurua ikastolako gurasoak aurkeztu dute egitasmoa. Webgunea moldatzeaz, berriz, Haritz Iturbe ikastolako gurasoa arduratu da. Altxuk Kilometroen izaera parte hartzailea azpimarratu du, eta ildo horretatik, azaldu du hainbat gurasoren ideia izan zela Mendimetroen webgunea osatzearena. Guztira, hamabi ibilbide prestatu dituzte, adin desberdinetara egokituak: HH-koentzat, LH-koentzat eta DBH-koentzat. Horrez gain, dibertsitate funtzionala dutenentzako bi ibilbide ere ondu dituzte.
Ibilbideen inguruko informazioa webgunean azaldu baino lehen, pentsatu eta egin egin behar izan dituzte, eta horretan aritu da boluntario talde bat. Aizpuruaren esanetan, bideen sailkapena egitea ez da erraza izan, baina "bakoitzak bere erritmora" egiteko moduko mendi ibilaldiak osatu dituztela baieztatu du. Webguneak ibilbide bakoitza nondik nora doan eta nolakoa den azaltzen du, zehatz-mehatz. Distantzia, desnibela, maila eta halako datuez gain, GPS-rako tracka deskargatzeko aukera ere eskaintzen du. Bestalde, grafikoak eta ibilbidearen azalpena argazkiez lagunduta ere badaude, eta mapa guztietan interesguneak eta argibide laburrak daude txertatuta. Aizpuruak azaldu duenez, mugikorretako formatura ere egokituta dago webgunea, mendian bertan erabili ahal izateko.
Ibilbideak denentzat
Ikastolatik hasita, Iñurritzako Biotopoa, Malekoia, Munoa, Musika Plaza, Parrokia, udaletxea... Herriguneko hamaika txokotara heltzen da Uzkudunekin prestatutako ibilbidea. "Lehenengo tunelera hurbiltzea ere pentsatu genuen, baina gehiegizko buelta izango litzateke", azaldu du Sara Gurrutxagak, Uzkudunen amak. Hasieran bestelako ideiak ere izan zituzten, Talai Berrira igotzea, esaterako, baina gurpildun aulki ez elektrikoa dutenentzat "ezinezkoa" izango litzatekela dio Gurrutxagak.
Ibilbideak prestatzerakoan, eta orokorrean, egunerokoan, mila oztopo topatu ditu Uzkudunek herriko kaleetan zehar. "Oinezkook ez dugu antzematen, baina koskak hor daude eta oztopoak dira". Azaldu izan duenez, gertatu izan zaio Uzkuduni kaletik bakarrik joan eta ez aurrera eta ez atzera geratzea, koska batengatik. "Ibilbidea egiten ari ginela argazkiak ateratzen joan ginen topatzen genituen trabei".
Kirolzalea da Uzkudun. Boccia, slalom eta beste hainbat kiroletan aritzen da, eta horiek "bizigarriak" diren bezala, Mendimetroak bezalako ekimenek ere "motibatu" egiten dute lanean jarraitzeko, pixkanaka-pixkanaka, ibilbide osoa gurpildun aulkirik gabe egiteko gai izango den arte.
Erronka proposamena
Bestetik, egutegian data bat gorriz markatzeko deia ere egin dute Mendimetroen aurkezpenean. Ekainaren 2an, ikastola guztiek, bakoitzak bere herriko tontor edo toki ezagun baterako ibilbidea proposatuko du, lehiakortasunean oinarrituko ez den kirola sustatzeko asmotan. Pagoeta Eguna izaki, Zarauzko ikastolak tontor horreta joateko gonbita luzatu nahi die herritarrei.