Apirilean fitness tailerrak izango dira Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian, doan. Apirilaren 11an, osteguna, emango diete hasiera saioei, eta apirilaren 30ean, asteartea, eskainiko dute azkenengo saioa. Izena eman daiteke dagoeneko, kiroldegiko harrera gunean, eta plaza mugatuak izango dira.
Antolatzaileen arabera, "helburua kiroldegian ditugun baliabide materialak era egoki eta seguruan erabiltzen ikastea da, 30 minutuko iraupena izango duten tailer txikien bidez". Begiraleek gidatuko dituzte saio guztiak, eta besteak beste, metologia desberdinak azalduko dizkiete parte hartzaileei, gomendioak emateaz gain.
Hona hemen fitness tailerren egutegia:
- Apirilak 11. Core tailerra: gorputzenborra inguratzen duen muskulu taldea indartzea da helburua.
- Apirilak 15. Bosu tailerra: airez beteriko gomazko sasiesfera batekin arituko dira parte hartzaileak.
- Apirilak 24. Fitball tailerra: airez beteriko pilota handi batzuekin ariketa desberdinak egingo dituzte parte hartzaileek, besteak beste, indarra eta malgutasuna lantzeko.
- Apirilak 26. Kettlebell tailerra edo "mankuerna errusiarrak": indarra lantzeko ariketak barnebilduko dituzte, modu dibertigarrian.
- Apirilak 30. TRX tailerra: zintzilik izango da saioa, eta gorputzaren pisua erabiliz, indarra, oreka eta koordinazioa landuko dituzte.