Pentsio duinen aldeko aldarria kalera atera dute beste behin

Zarauzko Hitza 2019ko apirilaren 1a

Astelehenero bezala, jendetza elkartu da pentsio duinen aldeko mobilizazioan. Lege Zaharren Enparantzatik abiatuta, manifestazioa egin dute Alde Zaharrean zehar.

Gutxieneko 1.080 euroko pentsioa lortzeko bidean, tinko jarraitzen dute Zarauzko pentsiodun eta jubilatuek protestan. Bereziki kezkatzen ditu emakumeen egoerak. Pentsioen arteko arrakala %35ekoa dela azaldu du Gizarte Segurantzako idazkaria den Octavio Granadok. Aldea gutxitzen doan arren, behin betiko desagertzeko "inolako asmorik ez" dutela uste dute pentsiodunek.

"Ez dugu onartzen pentsioetan 10 euro igotzea urtero. Ez ditugu apurrak nahi. Modu duin batean bizitzeko pentsio duinak behar ditugu". Hain zuzen ere, "modu duin batean" bizi ahal izateko "dirua badagoela" ere baieztatu dute.

"Esate baterako, Abiadura Handiko Trena eraikitzeak gutariko bakoitzeko 27 milioi euroko kostua dauka, eta ez da eraginkorra izango". Espainian martxan dagoen "70.000 milioi euroko iruzur fiskalaren aurka egitea" eskatzen dute.

Horregatik guztiagatik, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta "etorkizuneko pentsioak duinak izan daitezen" 1.200 euroko gutxieneko soldata aldarrikatzen jarraituko dute.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide