Nire semeak beste bat dirudi. Orain musika jotzen omen daki, lagunekin elkartu eta eszenatokian saltoka zebilen bideo bat erakutsi zidan aurrekoan. Ez nekien lotsa edo zirrara sentitu, hain gustura, hain lotsagabe, ni ez naiz sekula horrela ibili baina ez gogo faltagatik, beste garai batzuk omen ziren... Kafetegian pasatzen ditut nik arratsalde gehienak lagunekin tertulian edo egunkaria irakurtzen, nire bizitza nahiko lasaia da, aspergarria nire semearentzat.
Mari Karmenen semea itzuli omen da Japoniatik eta irratian elkarrizketa egin omen diote, Arraion, ez dut irratia entzuteko ohiturarik baina han izan omen ziren. Mari Karmen, entzundakoak gogoratzearekin bakarrik barrez hasten da, han Euskal Herrian baino zailagoa omen da ligatzea!
Ixo, ixo, badatorrela! Atea ireki eta kamiseta belzdun bizardun bat sartu da sojazko esnea eskatuz kafetegian. Hau ere izango da bateren bat, "hauek jantoki beganokoak ditun" esan du norbaitek kafetegian baxu. Animaliak beti egon dira eta beti jan izan ditugu guk, pentsatu dut nik, ze moda arraroa den hori... Niri ez kentzea oilaskoa saltsan, bestela!
Ez, ez naiz inoiz sartu bertan. Ui, edo agian bai? Bai, orain dela urte mordoxka bat, jakinminez barrura sartu eta gutxira izan zela gogoratu dut. Ez naiz berriz joango, ez dit interes berezirik sortzen bertan egiten dutenak; ez bertako festek, aldarrikapen politikoek, kontzertuek edo irratsaioek, baina tira, bertatik botatzea eta herriari ematen dioten saltsa desagertzea ere ez nuke nahi.