Hondartza Futbola 2018-2019

"Zarauzko Hondartzako Futbol Txapelketan denek dute tokia, parte hartzea izan baita beti garrantzitsuena"

Zarauzko hitza 2019ko mar. 23a, 15:09

ZKEko presidente ohi Rafa Olaizola.

Duela 25 urte, Zarauzko Hondartzako Futbol Txapelketak Guinness errekorra lortu zuenean, Rafa Olaizola zen elkarteko presidentea.

RAFA OLAIZOLA - Zarautz Kirol Elkarteko presidente ohia

Nola burutatu zitzaizuen Guinness errekorra egitea?
Zarautz Kirol Elkartearen 50. urteurrenaren harira, ekitaldi mordoa antolatu genituen ikasturtean zehar, eta ZKEren sortzaile Emilio Olazabalen proposamena izan zen. Denoi gustatu zitzaigun ideia.

Zer erakutsi nahi zenuten Guinness errekorra lortuta?
Kontutan hartu behar da, gaur egun kirola egiteko azpiegitura ugari daudela Zarautzen eta inguruko herrietan, baina lehen eskola kirola egiteko edo afizionatu mailako taldeentzat ez zegoen futbolean jokatzeko orain beste toki, eta hondartzako futbol txapelketa aintzindaria izan zen horretan. Izan ere, txapelketa honetan haur eta helduek dute tartea, jokalari onek nahiz makalagoek; denek izan dute beti hondartzan futbolean jokatzeko eskubidea, parte-hartzea baita inportanteena.
Ildo horretan, hondartzako futbol txapelketan parte-hartze handia izaten zela ikusita, ohartu ginen partida ugari aldi berean jokatzeko aukera eskaintzen zigula Zarauzko hondartzak. Modu horretan, munduari erakutsi nahi genion Zarautzen bagenuela hondartzan jokatzen zen txapelketa berezi bat, eta bertan parte-hartzea zela garrantzitsuena.

Nola gogoratzen duzu eguna?
1994ko martxoaren 27a eromena izan zen. Goizean goiz, 06:00etarako etorri ginen hondartzara eta materiala prestatzen hasi ginen. Kamioi baten laguntzarekin banatu genituen ate guztiak hondartzan zehar. Urte guztiko itsas-behera handiena aukeratu genuen jardunaldia egiteko, eta txanda batean jokatu genituen partida guztiak. Ehun taldek parte hartu zuten jardunaldian, eta 50 partida jokatu ziren aldi berean. Aitortu behar dugu, zelai batzuk, itsasotik gertuen zeudenak, urak hartu zituela, baina uste dut horrek ere baduela bere xarma. Izan ere, Zarauzko hondartzako futbol txapelketaren bereizgarrietako bat itsasoarekin duen harremana izan da beti.

Beraz, lan asko egite tokatu zitzaizuen Guiness errekorra lortzeko?
Ez zen egun bateko lana izan, eguna baino lehen xehetasun guztiak lotuta baigenituen. Ahalegin handia egin genuen, baina nabarmendu nahi dut, Guinness errekorra egitea ez zela posible izango egun horretan antolaketa lanetan parte hartu zuten boluntarioen laguntzarik gabe. Ikastetxeek, gurasoek eta kirol elkarteko kideek, denek parte hartu baitzuten jardunaldian. Oso polita izan zen.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide